GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Abiadura handiko ustelkeria

Ilegalizazioaren ondorioak nonahi ikusten ahal dira, baina nabarmena da Alderdien Legeari esker nafar parlamentari guztiak AHTren lohian erabat murgildurik daudela

Espainiar estatuko aurrekontuen inguruko komedia ez da oraingoz bukatu. EAJren jarduera penagarriaz gain, UPNren eta PPren arteko harremanen saineteaz gain, orain Abiadura Handiko Trenaren afera sartu da eztabaidan indar oroz. Kontua da PSOEk emendakina aurkeztu nahi duela, Madril eta Iruñea lotuko lituzkeen nafar ibilbiderako. Gauzak horrela, batzuk hasi dira esaten hau dela UPNren joeraren ondorioa, edo hobe esanik, ordaina.

Eta ordaina ez da nolanahikoa: 15 milioi euro. Nonbait, garestia izan da Carlos Salvadorren abstentzioa. Ene buruari galdetu diot Cerverak ere abstentzioa hautatuz gero milioiak 30 izanen ote ziren, baina nahiago dut ez erantzun.

Izan ere, galdera nagusia beste bat da: norentzat da diru hori? Erantzun ofiziala argia da: nafarrontzat! Bai to, esanen nuke nik. Ez dut Abiadura Handiko Trena behar. Are gutiago ene herrian eginen duen hondamendia. Orain, Tafallatik Madrilera trenez joateko hiru ordu ere ez dira behar. Abiadura handian bidaia denbora laburragoan eginen litzateke, bai, baina trena ez da Tafallan geldituko, Iruñera joan beharko nuke. Hau aurrerapena!

Madril eta Iruñearen arteko komunikazioan ba ote dago hainbeste diru inbertitzea eskatzen duen hutsunerik? Ez, inolaz ere. Bestalde, nork uste du tren horrek berak ekonomia piztuko duenik? Nola esan dezake pertsona zentzudun batek Abiadura Handiko Trena ekonomiaren motorra bilakatuko dela? Mesedez!

Jakina, trenaren obrekin aberasten direnen ekonomia piztuko luke, zalantzarik gabe. Politikari ustelen poltsikoetarako astindu ederra litzateke, halaber. Eta agintariek izanen lukete zer saldu hurrengo hauteskundeetan.

Planeta hondamendiaren amildegira hurbildu duen garapen eredua kritikatzen da askotan, baina eguneroko jardueretan eredu hori da nagusitzen dena. Ikusten ari gara Abiadura Handiko Trenaren auzian, baita beste batzuetan ere.

Baina, kasu! AHTren obsesioa ez da UPN eta PSOErena soilik. Nafarroako Parlamentuan dauden beste indarrek ere bat egin dute ergelkeria honekin. Denak daude AHTren alde, eta Nafarroa Bai lehiaketan sartu da, besteak baino AHTzaleago dela aldarrikatuz. Nafarroa Bai baino AHT Bai esan beharko genuke, agian. Izan ere, PSOEren emendakina UPNri egindako opari/ordaina dela esan da, baina hauxe eskatu dio behin baino gehiagotan Uxue Barkosek Rodriguez Zapaterori.

Afera honek ederki irudikatzen du nafar politikagintzaren egoera. Ilegalizazioaren ondorioak nonahi ikusten ahal dira, baina nabarmena da Alderdien Legeari esker nafar parlamentari guztiak AHTren lohian erabat murgildurik daudela. Garapen ereduari dagokionez, ez dago oposiziorik. Denak bat datoz UPN eta CDNren gobernuarekin. Ez dago ahots kritikorik.

Bozka, abstentzio eta milioien trukeak zikintzen du joko politikoa. Eta gaurkoa zikintzea ez da erraza, berez kiratsa baitario aspaldidanik. Baina portaera hauek nazkagarriak baldin badira, are makurragoa da AHTren aldekoek beren burua ekologistatzat jotzen dutela ikustea. Txikizioak al dira planeta salbatzeko urratsak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo