GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aldude ibarreko euskal txerriak «Kintoa» izena hartuko du labela lortzeko bidean

I. E. |

«Kintoa» izena hartuko du Euskal Herrian hazten den txerri zuri-beltzak jatorri-izena edo labela lortzeko berezitua izan dadin. Euskal Txerria elkarteak atzoko biltzar nagusian aho batez onartu zuen izen hori hartzea labela lortzeko bidean. 2001. urtean egin zuen tal- deak bertako txerriarentzat sor-marka berezi bat lortzeko eskaera.

Kintoa Urepeleko mendietan dagoen eremu bat da. Toki berezia da, Nafarroako lurretan dago eta Iruñeko Gobernuak kudeatzen du, baina bertako baserritarrak Estatu frantseseko biztan- leak dira. Euskal Herrian zabaldua zen ohiturari jarraiki, eremu horretan txerriak, ardiak bezala, mendira eramaten zituzten. Nafarroako Erresumaren garaian Kintoako bost txerrietatik bat erregearentzat izaten zen.

Tokiaren eta izenaren ikuspegi historikoak labela lortzen lagunduko diela jakinarazi zuen Euskal Txerria elkarteko Jean Marie Ozafrainek. «Historia ere azaldu behar da sor-marka lortzeko».

Duela bi urte eztabaida handia izan zen sor-marka horretako txerriek hartu behar zuten izenaren inguruan. Txerri arrosarekin lan egiten duten harakinek protesta egin zuten elkarteak «Euskal Txerria» hartu nahi baitzuen izentzat. «Harakinak beren produktuetan `euskal' izen hori erabiltzea eragotziko zieten beldur ziren, eta gure kontra jarri ziren», baieztatu zuen Euskal Txerria elkarteko kideak.

Txerri zuri-beltza

Zuria eta beltza da, eta belarri handiak ditu Kintoa txerriak. Arraza gisa, 1921ean bereiztu zuten, baina Euskal Herrian betidanik hazi izan den txerria dela azaldu zuen Jean Marie Ozafrainek: «Txerri berezia da, beti kanpoan hazten da, urtea egin ondoren bakarrik hiltzen ahal da, eta bederen 100 kilogramo egin behar ditu». Zaporea ere ezberdina duela gehitu zuen Ozafrainek, «dastatzen dugularik anitz gustu badu, berezia da. Xingarra 16 edo 18 hilabetez idortzen uzten dugu, anitz gizen badu eta gustu handia ere bai».

Elkarteak Kintoa eremuaren berezitasunarekin bat egiten du, izan ere, bertan Euskal Herriko bost probintzietako kideak dira. Gehiena Lapurdi eta Nafarroa Beherekoak badira ere, Zuberoako, Nafarroako eta Gipuzkoako kideak ere badira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo