GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Euskal Herriko finala

Aimar Irigoien da txapela lortzeko faborito nagusia

Ostolatza, Izeta III.a, Izeta IV.a, Agirre eta Urrutia ere lehiatuko dira

p046_f01-111x111.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoien izango da bihar Arrigorriagan jokatuko den Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa irabazteko faborito nagusia. Errezildarra da egungo txapelduna, eta aurtengoari eusteko ere bera da hautagai nagusia.

Arrigorriagako kiroldegian neurtuko dituzte indarrak bihar 12.00etatik aurrera, baina errezildarra ez da bakarrik izango, beste bost ere arituko baitira. Agirre, Izeta III.a, Izeta IV.a, Ostolatza eta Urrutia ere bertan izango dira.

Kirolari bakoitzak lau harri ezberdin erabiliko ditu. 125 kiloko koadroa, pisu bereko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Harri bakoitzarekin hiru minutu izango dituzte lanean aritzeko.

Aimar Irigoien: errezildarra da irabazteko faborito nagusia. Bera da egungo txapelduna, eta ezuste handia izango litzateke bera txapelik gabe geratzea. Egia da, lehiaketa hau prestatzeko ez duela asti handirik izan. Orain dela hiru aste Tolosan Izeta II.aren aurka jokatu zuen apustua izan baitu buruan. Hala ere, inork gutxik uste du txapelik gabe etxeratuko denik.

Joseba Ostolatza: zestoarra da Irigoieni aurka egin diezaiokeen bakarra, baina berak ere ez du erraza izango Aimar gainditzea. Maila handia du, ordea, Josebak, eta bere lana egiten baldin badu, aurrean ibiliko da. Badaki zer den txapel hau janztea, eta ahaleginduko da errezildarra estu hartzen, eta bera gainditzea lortzen ez badu bigarren postua ziurtatzea izango du helburu, eta horretan saiatuko da.

Izeta III.a: aiarrak lehiaketa asko jokatu ditu, eta maila handia du. Badaki lehenengo bi postuetan sartzea oso zaila izango duela, baina horretan saiatuko da. Aurrekoren batek huts egiten badu bera hor izango da. Hirugarren postua izango du lehen erronka, eta hortik aurrera datorrena ongi hartuko du.

Izeta IV.a: Joxe Ramonen semeak aurrerapen handiak egin ditu, eta hau ere goialdean ibiliko da. Honek ere lehenengo bi postuetan sartzea oso zaila izango du, baina bere erronka, bere osabak, bezalaxe, hirugarren postua izango du. Lehia polita izan dezake Izeta III.arekin.

Urrutia: lan zaila izango du leitzarrak. Lehendabiziko lau postuetan sartzea oso zaila izango du, eta badirudi Agirrerekin batera azkeneko postu horretatik irteteko dema izango duela. Saiatuko da berea ahalik eta ongien egiten, eta baita Agirre gaztea atzean uzten ere.

Agirre: bizkaitarra izango da lehiaketa honetan parte hartuko dutenen artean gazteena. 19 urte ditu, eta bere helburua azkeneko postutik ihes egitea izango da. Urrutia izango du aurkari zuzenena. Hala eta guztiz ere, bere lana ongi betetzen badu, aski izango du.

Gazteak

Herri-kirola zahartu egin dela diote askok eta askok, eta ezin ukatu egia denik. Nolanahi ere, final honetan jende gaztea izango da. Zaharrena Ostolatza da eta berak 35 urte ditu. Hiru, ordea, 23 urtetik beherakoak dira. Izeta IV.ak adin hori du, 22 Irigoienek, eta 19 Agirrek. Beste biak ere ez dira zaharrak. 31 urte besterik ez baititu Urrutiak, eta hiru gehiago Izeta III.ak. Denak dira sasoikoak.

Aizkorako finala konponbidean da

Euskal Herriko aizkolarien maila nagusiko finala izaten da herri kiroletako urteko finalik handiena, baina aurtengoan buruhauste handiak ekarri ditu, bai federazioari berari, baita kirolariei ere. Urtero herrialdez aldatu ohi dute, eta aurten Arabari egokitu zaio. Abuztuan jokatu zen kanporaketa Araian, baina finala non eta noiz jokatuko zen aztarrenik ez da izan orain arte.

Badirudi ordea, konpontzeko bidean dela hori. Atzo Euskadiko Federazioak aditzera eman zuenez, datorren astean, astelehenean edo asteartean, jakingo omen da noiz eta non jokatuko den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo