GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Jean Dauguer

Avironek etxean indartsu jarraitu behar du lehen postuei eusteko

J.L. | BAIONA

Europako lehiaketen ostean, berriro ere Top 14-ri heldu beharko dio Avironek, eta Brive hartuko du gaur 14.30etatik aurrera.

Zuri-urdinak oso indartsu ari dira etxean, eta gaurkoan ere lau puntuak batzeko aukera ederra dute. Partida zaila izango dute, aurkaria ere halakoxea delako, baina orain artekoa ikusita, zaleak itxaropentsu daude.

Ohorezko Mailan, berriz, derbia izango da gaur Getxon, 16.00etatik aurrera. Getxo Arteak Ampo Ordizia hartuko du eta, derbi guztiak bezalaxe, partida gogorra izango dela diote iragarpenek. Ampo Ordiziak Liga hasiera ona izan du. Aurkari zailenekin lehiatu da, eta orain arteko guztietan beti atera du punturen bat.

Bizkaitarrek, aldiz, ez dute Liga horren ongi hasi, eta etxean garaipena behar dute lasaitasun apur bat lortu eta sailkapenaren erdialdean kokatu ahal izateko.

Pegamo Bera Berak, berriz, arratsaldeko bostetatik aurrera Valladolid hartuko du. Donostiarrak azkenaurrekoak dira, eta Valladolidekoak azkenak. Irabazi beharreko neurketa dute donostiarrek. Ligako goiko muturrean ibiltzeko taldea osatu dute, alabaina, orain arte jaitsierako postuetan dabiltza.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo