«Zenbait gauza ezin dira sekula onartu; tortura da horietako bat»
Zazpi urte preso daraman bere alaba Lorentxa epaitu berri dute Parisen, bosgarrengoz. Baina Janine Beyrierentzat, «torturaren prozesua» ere izan da, «Estatu espainolean torturapean lortutako aitorpenetan oinarritu baita epaiketa». Erraiak inarrosten dizkio oraindik horrelako praktikak irauteak.
Arantxa MANTEROLA |
Tortura «etengabe salatu eta borrokatu» behar dela esan du tinkotasunez, egun irauten badu gizartean «nolabaiteko onarpena» dagoelako dela uste baitu.
Zer berezitasun izan du azken epaiketa honek?
Hasteko, sumarioa Madriletik bidali zuten Pariseko epaitegira 2003an eta Le Vert epaileak instrukzioa irekitzea deliberatu zuen. Nire alaba bakarrik epaitu dute prozesu horretan baina bada beste militante bat Madrilen epaituko dutena afera berberagatik. Aspaldi ez zen horrelakorik gertatu, beharbada, Jon Parot, Jacques Esnal eta Frederic Haranbouren atxiloketetatik. Bestalde, Madrilen bi militantek egindako adierazpenetan oinarritu da akusazioa. Adierazpen horiek polizia-etxean bost egunez inkomunikatuta zirelarik egindakoak ziren eta biek, torturatuak izan zirela salatu ostean, Poliziari egindako deklarazioak ukatu egin zituzten. Torturapean lortutako aitorpenak ontzat eman izana da epaiketa horren ezaugarririk garrantzitsuena.
Epaileek ezagutzen al zituzten tortura kasu horiek?
Abokatuek bi militante torturatuen testigantza jakinarazi zioten Le Verti, baina hark ez zituen sumarioaren instrukzioan kontuan hartu. Nire alabari erran zion tortura kasu batzuk gerta zitezkeela baina, zernahi gisaz, leporatzen ziotena egia zen uste osoa zuela berak.
Aldiz, epaiketan bertan izan dira beste lekukotasun batzuk. Epaimahaiak entzun al ditu?
Bai, arreta handiz gainera. Torturak pairatu zituen pertsona baten lekukotza eta TATeko ordezkarien azalpenak isiltasunez eta errespetuz entzun zituzten, eta ez fiskalak, ez epaileek ez zuten inoiz kontraesanak bilatzeko edo esaten zutena gezurtatzeko ahaleginik egin, normalean egiten duten moduan. Bitxia da, gainera, epaimahaiko presidenteak berak aipatu zituela tortura kasuak, zehazki, Iratxe Sorzabalena. Eta fiskalak ere, Pauen euskal militante baten aurkako estradizio-eskaera aztertzerakoan hango fiskalak ez onartzeko eskatu zuela adierazi zuen, preseski torturapean lortutako aitorpenak zirelako.
Hortaz, epaileok badakite Estatu espainolean torturatu egiten dela?
Nire iritziz bai. Lorentxari ezarritako zigorrak berak adierazten du hori. Beren logikari jarraituz, egotzi ziotena ontzat emanez gero, 30 urteko kondena jasoko zuen edo, aldiz, torturapean egindako aitorpenak zirelakoan froga horiek errefusatu bazituzten, ez zuen zigorrik jasoko.
Alta, zazpi urteko espetxe zigorra jaso du...
Hala da. Epaiketan galdera sorta bat erantzun behar zuten errudun zen ala ez finkatzeko, eta bakan batzuei baiezkoa erantzunez osatu dituzte zazpi urte horiek. Zigor hori harrigarria izan da, eta hainbat abokatuk ere ulertezintzat jo du. Baina nik uste dut, maleruski, guk oso ondo ulertzen dugula zergatia euskal militanteen kasuan. Gehiago esango nuke: epaileen erabakia erabat politikoa izan da. Kondena hori ezartzeak argi erakutsi du badakitela Espainian torturatzen dela, baina ez dutela ofizialki onartu edo salatu nahi. Gainera, epaiketan ez balitz inolako zigorrik izan, nire ustetan, estatuko fiskalburuak helegitea tartekatuko luke.
Hiritar frantses askok ez dute sinesten beren auzitegiek eta gobernuak horrelakorik egiten dituztenik...
Ez frantsesek, ezta hemengo askok ere. Horregatik publikoki salatu nahi izan dut gertatutakoa, batez ere, jakin eta isilik egoten direnei gauza hauek gertatzen direla gogorarazteko eta, ez bakarrik Frantzian, hemen ere bai. Konbentzimendu osoa dut egun torturak jarraitzen badu, isiltzen garelako dela, ez dugulako aski salatzen. De facto guk ere onartu egiten dugu, guk ere gure ardura dugu. Tortura kasuak salatzeko protestak egiten direnean, masiboak beharko lukete izan. Txetxenian edo Guantanamon gertatzen denaz gaitzituak agertzen da jende asko eta, bitartean, Madrilgo, Bilboko edo Donostiako komisarietan gertatzen denaz ez dute ezer jakin nahi. Gehiegikeria hauek posible bilakatzen ditugu isiltzen bagara.
Ez duzu uste, halere, Estatu hain boteretsuen aitzinean askotan ezintasun handia sentitzen dela?
Boteretsuak dira, jakina, baina nik argi daukat Frantzia eta Espainiaren aitzinean belaunikaturik daudenak direla are eta `handiagotzat' hartzen dituztenak. Eskultura baten aurrean belaunikatzen bagara, bere tamaina edonolakoa izanda ere, egundokoa hautematen ahal dugu. Uste dut estatuen indarraz eta beren botereaz guk geuk daukagun ikusmoldeak eragiten duela, hain zuzen, haiek guregan horrenbeste botere edukitzea. Nazio edo herri txiki batek beste handiago baten adina garrantzia du niretzat. Hiru milioi euskal herritarrok, 64 milioi frantses edota 46 milioi espainol bezain `handiak' gara. Kopuruak ez du zerikusirik. Gu zer garen eta zor zaigun errespetuaz dugun pertzepzioa da gakoa, baita norbanakoen kasuan ere. Oso `txikiak' izanagatik, badira zenbait gauza sekula onartu ezin ditugunak, eta tortura da horietako bat.
Ezin da, beraz, isilik geratu...
Urrun dauden herrietan gertatzen dena salatu, eta gure etxekoa isiltzen bada, ez dugu inolako sinesgarritasunik izanen. Arriskutsua baldin bada ere, ni ez naiz isilduko. Ama asko ezagutu ditut beren seme-alabak txikituta, kolpatuta eta arropa artean odoleztatuta ikusi dutenak. Torturatuak izan diren gure seme-alabei, baita euren senideei ere, gutxienez hori zor diegu. Guk zortea izan genuen alaba Frantzian atxilotu zutelako. Tratu txarrak eta presio psikologikoak izaten badira ere, ez dut uste oraingoz komisaria frantsesetan torturatzen denik. Ez dut baztertzen, ordea, Espainiaren ereduari jarraituz, bihar Frantzian ere antzeko sumarioak goitik behera muntatzea.
«Gaur isilik geratzen bagara, bihar antzeko gehiegikeriak errepikatzea ahalbidetu dezakegu»