Frontball-a mundu zabalean esku pilotan jokatzeko dauden moldeak batzeko helburuarekin sortu da
Eskupilota mota berri bat estreinatu da asteburu honetan, frontball deiturikoa hain zuzen ere. Joko honen sortzaileek munduan zehar dauden eskupilotako jokalari guztiak batzea dute helburu, Euskal Herriko pilotaririk onenekin batera; hori da asmoetako bat.
Jon LEUNDA
Frontball-a pilotan jokatzeko era berria da. Asteburu honetan bertan estreinatu da Angelun jokatu den torneoan, eta horretan eskupilotan jokatzeko era ezberdinak batu nahi dituzte. Oraingoz, nahiko harrera ona izan du, baina berau sortu dutenak lanean ari dira, eskupilota osoa batzeko asmoz.
Frontball-aren sortzaileak Oskar Rekalde eta Jean Michel Idiart dira. Lehenengoa kazetaria da, baina baita pilotazale amorratua ere. Kirol hau aztertzen orduak eta orduak eman ditu. Aspe enpresako prentsa arduraduna ere izan zen. Idiart, EPB enpresako arduraduna da.
«Gaur egun eskupilota erabat zatituta dago. Oinarria bera da, baina jokatzeko era ezberdinak daude. Euskal Herrian bertan bi daude, trinketea eta frontoia. Horrez gain, Handball-a, pilota valentziarra, ingelesa, Boliviakoa, katsena... hainbat eta hainbat dira. Horrenbestez, guztiak elkarrekin jokatu ahal izan daitezen era berri bat bilatu nahi izan dugu. Orain probatzen ari gara, baina uste dut ongi aterako dela», dio Rekaldek.
Pilotaleku berezia jarri dute, baina denak moldatzeko modukoa izango da. Frontisa bakarrik izango du, eta alde bietan ez du ezer izango, ez eta errebotean ere. Frontisak 5 metro izango ditu, eta pilotalekuak 7,5 metroko zabalera eta 11 metroko luzera. Larruzko pilota erabiliko dute eta 70 gramoko pisua izango du. Partida berriz, bi jokora jokatuko da, eta biak 10 tantora jokatuko dira. Pilotariek joko bana irabaziko balute, hirugarren bat jokatuko litzateke 5 tantora.
Amets handiak
Joko molde hau ez da gauetik goizera pentsatu den zerbait, Rekaldek dioen moduan: «Munduko herrialde askotan jokatzen da pilotan, baina bakoitzak bere jokoa dauka. Aldeak ez dira ikaragarriak, baina ezberdinak dira bai jokalekuak, eta baita jokatzeko erak ere. Leku askotan ibili gara hori guztia ikusten, eta azkenean hau egin genezakeela ikusi genuen, eta aurrera. Gauzak ongi atera daitezkeela uste dugu. Azken batean, euskal pilotak eta irlandar pilotak edo handballak dute indarrik handiena, eta herrialde asko bi joko horietara moldatu behar izan dira. Guk beste zerbait topatu nahi izan dugu, denak leku berean eta elkarren aurka jokatzeko moduko joko mota topatzen saiatu gara, eta uste dut lortu dugula», adierazi du Rekaldek, joko honen sortzaileetako batek.
Asteburu honetan jokatu da Angelun lehen torneoa, hortxe izan da frontball deritzonaren estreinaldia, baina hor ez dira amaitzen bere sortzaileen ametsak. Hemendik aurrera bi helburu izango baitituzte. Hasteko, urtean zehar hainbat lehiaketa antolatzea eta, bestea, eskupilota molde guztietako onenak batzea. Azken hau frontoiko, trinketeko, pilota irlandarreko, valentziarreko, katseneko eta gainerako guztietako izar guztiekin lehiaketa bat antolatzean datza.
Ez da inoiz horrelako ezer egin, eta orain horretarako aukera ikusten dute. Epeak ere ez dituzte oso luzeak jartzen, bi edo hiru urteren buruan egin daitekeela uste dute. Kontua, ordea, izar guztiak ados jarri eta batera jartzea izango da. Pilotariez gain, enpresak ere bai baitaude, euskal pilotan eta valentziarrean behinik behin, gainerakoetan independenteak baitira.
Eskupilotari begira jarrita, Barriola, Olaizola, Titin, Bengoetxea, Ezkurra, Ozafrain edo Waltari oso ezagunak dira, izarrak Euskal Herrian, baina herrialde guztietan daude honelakoak, askotan baitira profesionalak: «Puntako pilotari gehienak profesionalak dira. Leku batzuetan horretatik bakarrik bizi dira, eta beste batzuetan beste lantxoren bat izaten dute, baina goi mailakoak horretarako prestatzen dira herrialde guztietan, hemen bezalaxe», dio Rekaldek.
Izar horietako batzuk izan dira asteburu honetan Angelun, baina nahia, asmoa eta helburua, oso urte gutxiren buruan, eskupilota mota guztietako pilotari onenak batu eta inoiz egin den lehiaketarik handiena egitea izango da.