GARA > Idatzia > > Mundua

Somaliatik soldaduak atera arren, kontrol militarra izaten jarraituko du Etiopiak

Somaliatik soldaduak pixkanaka aterako dituela iragarri du Etiopiak. Islamiarrek boterea hartuko balute, berriro bidaliko lituzkeela ohartarazi zuen. Asteburuan, NBEren gidaritzapean, su-etena hitzartu zuten Djiboutin Gobernu somaliarrak eta ARS talde islamiar moderatuak.

GARA |

Asteburuan, Somalia Berriro Askatzeko Aliantzak (ARS) Gobernuarekin su-etena hitzartu zuen Djiboutin, Nazio Batuen gidaritzapean. Akordio horren arabera, su-etena azaroaren 5ean ipiniko dute indarrean. Ekainean adostu zuten arren, bi aldeek ez dute orain arte errespetatu. Era berean, egunotan hasi, eta 2009ko lehen asteak bitartean, Etiopiak Somaliatik soldaduak atera beharko ditu. 2006aren amaieran bidali zituen hara, Epaimahai Islamiarrak boteretik kanporatzeko eta ordezko gobernu bat ezartzeko.

Al-Shabaab talde islamiarrak hitzarmena ez duela aintzat hartuko ohartarazi zuen. Ia egunero, segurtasun indarrei eta gobernuaren ordezkariei nahiz eraikinei eraso egiten die.

«Aurrez aurrekoa jarraituko du Muqdishon. Ez gara geldituko atzerriko soldaduak gure herrialdetik kanporatu arte», adierazi zuen talde armatuko bozeramaile Sheij Muktar Robow Abu Mansoorrek. «Djiboutikoa alferrik da; islamiarrak bitan banatzen dituela esan nahi du soilik», azaldu zuen Muqdishon emaniko prentsaurrekoan.

Zenawi, bueltatzeko prest

Etiopiak soldaduak ateratzea onartu badu ere, argi utzi zuen ez duela utziko islamiarrek boterea berreskuratzea. Hori ekiditeko, soldaduak berriro bidaltzeko prest dagoela gaineratu zuen Meles Zenawi lehen ministro etiopiarrak. «Edozein gobernu mota al-Shabaab-ena baino hobea da. Etiopiaren eta somaliarren mesedean, gure esku dagoen guztia egingo dugu gobernua berriro eskura ez dezaten».

Gobernuko iturri batek AFPri esan zionez, «soldadu etiopiarrak Muqdishotik joaten ari dira. Jada ez daude presidentearen etxebizitza edota hirigunea zaintzen». Afrikako Batasunaren Amison misioak ordezkatuko ditu Etiopiako soldaduak.

beste eraso bat

Poliziaburu bat hil zen atzo Merkan izaniko leherketa batean. Bonba batek bere autoa jo zuen gidatzen ari zenean. Talde islamiarrei egotzi zieten ardura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo