GARA > Idatzia > > Ekonomia

«Langileez gain, hautetsiek eta enpresariek badute zer esana»

 
Jean-Claude Mailharin MIG-Eko langilea

Industriaz arduratzen den sailean lan egiten du amikuztar honek. Atzo, bulegoa utzita, lantoki aitzinean igaro zuen goiza lankideekin batera. MIG Bordelera eramaten badute lanpostuez gain, lurraldeak «autonomia» ere gal dezakeela uste du.

Zer dago arriskuan Baionako Merkataritza eta Industria Ganbera (MIG) desagertuz gero?

Bordelen eskualdeko MIG bat jarri eta Baionan adar bat egoteak, lehenik eta behin gure lanpostuak kolokan jartzen ditu. Hainbat postu galduko lirateke eta, lekualdatzeak behartuko lituzke. Horrez gain, badira beste ondorio orokorrago batzuk. Kontuan izan behar da MIG aspaldiko erakundea eta bakarra dela Ipar Euskal Herrian, eta hemendik kentzen badute autonomia galduko da kudeatzen duen aurrekontuari dagokionez, eta baita aplikatu beharreko estrategia ekonomikoak erabakitzeko ahalmenari dagokionez ere.

Esparru ekonomikoan pisu handia du Baionako MIGek...

Hala da, azpiegitura anitzez arduratzen baita. Esaterako, Donibane Lohizune-Ziburuko arrantza portua eta Baionako industria portua kudeatzen ditu. Bi egitura horiek eragin handia dute hemengo ekonomian. Gainera, enpresari eta merkatariei gertuko zerbitzua ematen die instalatzeko garaian, aholkularitzan, formakuntzan, euren artean biltzeko, garapenerako...

Ofizioen hezkuntzan ere bete-betean inplikatua da...

MIGek bi formakuntza eskola ditu: Merkataritza Eskola Baionako egoitza nagusiaren alboan eta Ingeniarien Eskola (Estia) Bidarten. Ganbera kentzen badute, inork ez daki zer bilakatuko liratekeen.

Bordelen egoteak ondorio txarrak izanen lituzke?

Nire ustez bai. Adibidez, portuen kasuan seguru asko, hemengoak baino gehiago lagunduko lukete Bordelekoa. Gainera, enpresei eskaintzen diegun gertuko zerbitzua ez zen berdin bermatuko.

Etorkizuna ilun ikusten duzue, beraz...

Bai, aski iluna. Ikusiko dugu zer ematen duten gure mobilizazioek. Gaurkoa batik bat gure lanpostuetan izan ditzakeen ondorioengatik protesta egiteko zen. Hemen ez dago sindikatuen ordezkaritzarik, baina langile anitzek jarraitu dugu lanuztea. Baina lan ikuspegiaz harago, beste erakunde batzuek ere -enpresariek, hautetsiek, Garapen Kontseiluak, politikariek...- badute zer esana afera honetan. A. M.