GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal hezkuntzaren aldeko ekimenak «larrugorrian» utziko ditu campusak

«Campusak larru gorritan» izeneko ekimena aurkeztu zuten atzo Iruñean, eta gisa horretan Euskal Herriko unibertsitateetako hezkuntza ereduak salatuko dituzte datozen hileetan, euskal hezkuntza aldarrikatuz.

Jasone MITXELTORENA |

Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) mugimenduak atzo NUPen campusean «Campusak larru gorritan» izeneko ekimena aurkeztu zuen. Hurrengo bi hileetan hainbat dinamika egingo dituzte, «Universidad de Navarra, UPNA, Deusto, Mondragon, UPV, UNED eta Université de Pau et des pays de l'Adour» unibertsitateetan, gaur egun horietan indarrean dauden ereduak eta etorkizunera begira antzematen zaien ibilbidea salatzeko, azken batean, «horietan bizi dugun errealitatea larru gorritan uzteko». Egungo egoera «inposatua» dela salatuz, bertatik eraikitako euskal hezkuntzaren beharra aldarrikatuko dute.

Atzo iragarri zuten eran, besteak beste, adierazpen artistikoen lehiaketarako deialdia egin dute: «Lau kategorien bidez -literatura, arte plastikoa, bideoak eta audioa- pairatzen duten errealitatea arteaz biluzteko aukera izanen dute euskal unibertsitarioek». Antolatutako dinamiketan parte hartzeko deia ikasleei egiteaz gain, herritar guztiei ere zabaldu zieten.

Euskal ikasleei «arrotz» egiten zaizkie egungo unibertsitateak, eta euren hezkuntza eskubideak «sistematikoki» urratuak dira. «Euskara, gure herriko hizkuntza anekdotikotzat eta folklorikotzat» jotzea gaitzetsi zuten, eta goi mailako hezkuntzan «euskaraz ikasi, lan egin edo bizitzea» zeinen zaila den ohartarazi, hala nola: «Euskara hutsean bete daitekeen ikasketarik ia ez izatea, unibertsitateetako administrazioan euskaraz ezin izatea aritu, ingelesezko masterren eskaintza euskarazkoena baino handiagoa izatea, ikerketa gehienak erdaraz egitea...». Hainbeste urtez euskararen aldeko planak iragarri arren, agindutako ekimen guztiak «hutsaren hurrena» izan direla salatu zuten.

Egiturazko arazoa

Baina ez dira soilik hizkuntzari dagozkionak izan EHBEk salatutako eskubide urraketak. «Egitura antidemokratiko eta hierarki- koek» gobernatzen dituzten heinean, «irakasleriaren sektore murritz batek botere osoa» duela salatu zuten. Funtzionario doktoreek erabaki organoetan %51ko ordezkaritza dutela jakinarazi zuen, gainerako irakasleak eta langileak «hutsaren hurrengotzat» hartuak direlarik. Ikasleen ordezkaritza eskasa ere gogor gaitzetsi zuten: unibertsitateko kolektibo nagusia izanik, euren ordezkaritza %20ra ez heltzea onartezina dela uste dute. Azaldutakoaren arabera, egungo ereduak «Euskal Herria euskalduntzeari edo euskararen garapenari beharrean, estatu frantses eta espainolen interesei nahiz interes neoliberal eta ekonomikoei» erantzuten die, eta Bologna prozesuak hori areagotuko duela ohartarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo