GARA > Idatzia > > Euskal Herria

CADEk gutun irekia igorri die hautetsiei AHTren bide berriaren kontra egiteko

Ibilbide berriaren finantzaketari buruzko eztabaida gori-gorian den honetan eta Garraioetako Estatu idazkaria azaroaren 13an Pauera etortzekoa dela-eta CADEk hautetsiei zentzuz joka dezaten eskatu die.
p019_f02.jpg

Idoia ERASO |

Estatu frantsesa trenbide berria finantzatzeko eskualdeko erakundeei dirua eskatzen ari dela-eta gaia ahoz aho dabil. Zenbait hautetsi lehendabiziko aldiz egitasmoarekiko zalantzak agertzen hasi diren honetan CADEk (Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldea) gutun irekia igorri die horiei. Talde horretako Victor Pachonek eskutitzaren xedea horrela azaldu zuen: «Hautetsiek kontzientzia har dezaten nahi dugu, txeke zuri handi bat eskatzen dietela jakinarazi bestelako aukera askoz merkeago bat badagoenean».

Aurtengo lehenengo sei hilabeteetako datuak eskutan, CADEk egitasmo berririk ez dela behar nabarmendu du. Baionako geltokiak 10.000 bidaiari galdu ditu, Biarritzek 23.000 eta Donibane Lohizunek 17.000. Merkantzien garraioa %8,5 jaitsi da. Pachonek zehaztu zuenez, krisia hasi baino lehenagoko datuak dira horiek. Izan ere, Irundik etortzen den merkantzien erdia baino gehiago autoak dira eta industria hori jasaten ari den krisialdia nabarmena dela esan zuen, eta enpresa horiek lekualdatzeko arrisku handia dutela.

Garraio saileko Estatu idazkari Dominique Busserauk joan den astean Euskal Herrian geltokia izanen zela ziurtatu zuen finantzaketa lortzeko bidean. Baieztapen horren inguruan zalantzak agertu zituen Victor Pachonek. «Agintean politikariak aldatzen direnean promesak ere bai» esan zuen, baina ezarpen ekonomikoa eta horrek eskualdeari ekarriko lizkiokeen arazoak bere horretan jarraituko luketela nabarmendu zuen.

CADEk ibilbide berriaren egitasmoak dituen inkoherentziak utzi zituen agerian. Alde batetik, lanak justifikatzeko datuak puztu dituztela nabarmendu zuen. Bestalde, Hego Euskal Herrirako pentsatua dagoen AHT bidaiariei begira egiten ari direla aipatu zuten, Bordeletik Hendaiarakoa, ostera, merkantziak garraiatzeko pentsatua dagoela azaldu zuten. Merkantzien garraioari dagokionez, trenbide bidezko autobidearen ondoan konbinatuak dituen ingurumenari eta ekonomiari dagokionez dituen abantailak nabarmendu zituen Pachonek.

Baiona-Donibane Garazi artean trenek diesela erabiliko dute

Abenduaren 14an Baiona eta Donibane Garazi arteko lineak aldaketa garrantzitsuak izanen ditu. Lapurdiko hiriburutik Kanborainoko tartea dieselak mugitu trenekin ibiliko da. Eta Kanbo eta Donibane Garazi arteko ibilbidea autobusez eginen da, hau da linea atxikiko da, baina trena ez.

Abendutik aurrera Corail diesel trenak izanen dira Lapurdiko tartea egingo duten trenak. SNCFak sistema elektrikoa, katenariak, berritzea garestiegia dela deritzo eta dieselaz ibiliko diren trenak jarriko ditu Euskal Herriko bi hirien artean.

Euskal Herrian erregai horrekin ibiltzen den trenik ez dagoenez, ibilbide horretan guztian zehar ez dago erregai zisternarik. Arazo horren irtenbidea trenak Pauera joatea da, bertan erregai zisternak baitaude. Hau da Baiona eta Donibane Garazi arteko ibilbidea ziurtatzeko trenek Pauera hurbildu beharko dute gasolio bila.

Linea atxikiko zela agindu zuten hautetsien artean linea Ortzaizeraino luzatzea ere plazaratu zen momentu batean. Egungo egoera ikusita luzapen hori bertan behera gelditu da. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo