GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Iruzurra gelditu

Kezka hor dago, eta instituzioei doakien ardura betetzen ez denez, herritarroi dagokigu gure ezadostasunaren agertzea. Euskararen etorkizuna lehentasuna dela oihukatu behar dugu eta gaur egun bizi dugun iruzurra ezin onetsia dela aldarrikatu

Argia» astekariari eskainitako elkarrizketan Battittu Coyosek euskararen egoerari buruzko panorama nahiko izozgarria eman digu. Hizkuntzalaria, Kontseilu Orokorrak hizkuntz gutxituei buruz hasitako politika berriaren lehen teknikaria izan zen. Euskarari ikusten dion geroa kezkatzeko modukoa da, galbidean ageri baita, horren aurka joateko ahalbide eraginkorrik ez du ikusten.

Azken asteetan euskarari buruzko iritzi frango azaltzen ari zaizkigu prentsan, kezka hedatzen ari baita. Izan ere, inkestek erakustera ematen dutelarik desagertzeko prozesua etengabe aitzina doala, instituzioen erreakziorik ez da ageri. Noski erran daiteke eta erraten da euskararekiko jarrera baikortu dela, toki zerbait eskaintzen zaiola euskarari, baina oso salbuespen egoeretan egoten gara oraindik. Galbide prozesua geldituko lukeen politikarik ez da martxan ematen.

Xipri Arbelbidek ohar batzuk egiten zituen artikulu baten bitartez, ikastolek hogeita hamar urtez egin duten lanaren bilana egitearen beharra aipatuz, eskola elebidunek ez dutela euskal elebidunik sortzen gogoratuz, sare elebidunetatik ateratzen diren gazte gehienak ez baitira gai euskaraz naturaltasunez eta gai gehienetan euskaraz aritzeko, euskal irratiek irauteko eta zabaltzeko ezagutzen dituzten zailtasunez, eta bukatzeko telebistaz. Frantses kateek ez dute euskarazko programaziorik proposatzen! Nahiz eta telebista berria sortu, zer toki utziko dio honek euskarari? Eta bukatzeko Xiprik gogoratzen digu euskal kulturaren aldeko herrien arteko sindikatuak urtero 60.000 euro ematen dizkiola TDF enpresari Iparraldean ETBko programazioaren segurtatzeko baina TDFk berak duen ibilmoldean ETBko programen hedapenaren desegiteko lanetan ari dela beste bide batetik. Beti bezala, egoera oso perbertsoetan ibilki zaigu euskararen inguruko politika gure eremu txiki eta hain konplexu honetan. Kontutan hartzen badugu Euskararen Erakunde Publikoaren buxetaren erdia Eusko Jaurlaritzarengandik heldu dela, EAJ baita Ajuria Enean nagusi, sozialisten eskuetara pasatzeko bezperan, diru sartzea murriztu daitekeela pentsa genezake. Ikusten dugu zer prekarietatetan dagoen instituzioen aldetik euskararen promozio eta garapenerako gutxienekoa litzatekeen politika eraginkor eta kementsua!

Kezka hor dago, eta instituzioei doakien ardura betetzen ez denez, herritarroi dagokigu gure ezadostasunaren agertzea. Euskararen etorkizuna lehentasuna dela oihukatu behar dugu eta gaur egun bizi dugun iruzurra ezin onetsia dela aldarrikatu. UMP alderdiak aurpegi goxoa erakusten du euskararen defentsan ekintzaile dela sinestarazi nahiz, hauteslearen aitzinean ongi ikusia den diskurtsoa baita. Baina gezurretan ari direla frogatzen zaigu erregularki egiten diren inkestetan. Euskararen alde sortu zen dinamikaren muinera itzuli behar gara eta bultzada berria eman, Battittu Coyosek dioena, «euskara Iparraldean behar bada latinaren gisan izanen da», gerta ez dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo