GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

MENDI ELKARTEA Urteurrena

50 urte, 50 ekitaldi

Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkarteak, mende laurdena bete duela-eta, makina bat ekimen egiten ari da urtean zehar. Azkena, «50 urte, 50 mendi» izenekoa, urriaren amaieran egindakoa.

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Zarautz herria ezagutzen duen orok jakin badaki, hein handi batean, bederen, mendizaletasunak nolabaiteko «zailtasuna» izan dezakeela lasai asko garatu ahal izateko. Beste era batera esanda, mendizaletasunak «oztopo» bat izan dezake aurrez aurre. Eta horrek, nola ez, izen propioa du: surfa.

Jakina, aurkezpen hau txantxa bat bezala hartuko dugu; izan ere, mendizaletasuna eta surfa Zarautzen ia bat eginda baitaude. Gure arloari dagokionez, inolako zalantzarik gabe, Gipuzkoako herri horretan lan eskerga egin duena Pagoeta Mendizale Elkartea da. Geure kirola bultzatu, babestu eta hedatzea izan ditu helburu, eta, hara non, mendi elkarte honek 50 urte bete ditu lan horretan. Bai, Pagoetakoak, aurten, eta urte osoan zehar, urrezko ezteiak ospatzen ari dira. Eta urte osoan ospatzen ari direla aipatzen dugunean ez dugu gezurrik esaten: ekitaldiz jositako egitarau erraldoia prestatu dute. Eta aurreraxeago azalduko dugunak hori guztia baieztatzen du.

Elkartearen hastapenen gorabeherei lekutxo bat eginez, esan dezakegu Zarautzen mendiko aisialdia 1900. urtean hasi zela, eta lau urte geroago, Club Mollarri Sport sortu zela. Gerra ostean, berriz, 1944an Zarauzko Kirol Elkartea sortu, eta mendiak bere atala izan zuen. Gazte talde batek Club Alpino Pagoetari forma eman zion, baina bi urtera ateak itxi zituen Federazioak zigortu zuelako. Hutsune hori ikusita, beste gazte batzuek, betiere baimena eskuetan, Pagoeta Mendizale Elkartea sortu zuten. Hori gertatu zela 50 urte dira, eta hor geldituko gara, besteak beste, ospakizun hauetarako uda aldean kaleratu duten «50 urte. Mila pauso» liburuan hori guztia eta elkartearen ibilbide osoa askoz ere hobeto irakur daitekeelako.

Mende erdia, urrezko ezteiak... ospatzeko asko dute Zarauzko mendizaleek. Eta, arestian azpimarratu dugun bezala, ez dira motz geratu; justu kontrako irudia eman dute. Egutegi oparoa, betea eta zabala antolatu dute urte osorako. Eta hori guztia, jakina, eskertzeko eta txalotzekoa da.

«50 urte, 50 mendi», azkena

Kolore guztietako ekimenak izan dira, eta badira oraindik ere. Batzuk-batzuk aipatzearren, Euskal Herriko Bulder Txapelketa Pagoetako Mendizale Elkarteak antolatu zuen. Ez zuen hutsik egin 50 kilometroko ibilaldiak; ezta Pagoetako Parkean landatutako 50 zuhaitzen ekimenak ere. Hori guztiori gutxi izan ez eta, «Txindoki besarkatu tour» deritzona egin zuten; hots, Gipuzkoan hain maitatua den mendi hori alde ezberdinetatik igotzea, bai oinez, bai eskalatzen.

Zer gehiago antolatu eta ospatu ote duten? Bada, zintzur jaitsiera bat, mendi bizikleta irteera bat, Pagoeta Egunari ukitu berezia eman zioten... Eta azpimarratzekoa, jakina, udan kaleratutako «50 urte. Mila pauso» liburua. Imanol Epeldek idatzi du, eta orri horietan ondo baino hobeto islatzen du elkartearen historia eta bilakaera. Horrekin batera, elkarteak berak argitaratzen duen aldizkariari ere «jantzi» berezia egin zioten.

Azken ekintza, berriz, «50 urte, 50 mendi» xedea izan da. Urriaren azken asteburuan egin zen, eta honako helburuarekin: Euskal Herriko 50 mendi igotzea. Zarauzko elkarteko ordezkariek adierazi digutenez, arrakasta osoa izan du: «Eguraldia lagun, makina bat mendizalek bat egin zuten ekimenarekin. 50 mendi igotzea helburu genuen, baina azkenean 60 bat igo dira. Ziur aski 500 mendizale baino gehiagok parte hartu dute. Eta harritu gaituena izan da zarauztarrez gain, inguruko beste mendizale batzuk lagun izan ditugula; bizkaitarrak tartean. Horrekin batera azpimarratu nahi genuke Belkoain mendian 225 haur zein helduk 50 zenbakia irudikatu zutela. Oso pozik gaude ekitaldiak izan duen harrerarekin. Gainera, mendi horietan egindako argazkiekin erakusketa antolatuko dugu. Badirudi urtean zehar egiten ari garenaren ginga bat dela. Urte gogorra izaten ari da, makina bat hilabete baitaramazkigu lanean eta ospakizunetan. Hala ere, merezi du egiten ari garen esfortzua».

Urte osoko festa borobiltzeko, abenduaren 14an herri bazkaria antolatu dute. Azken ekitaldia izango da hori. Zorionak, beraz, Pagoeta Mendizale Elkarteari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo