Mikel Aramendi Kazetaria
Dena asmatuta dago gerra kontuan
Koltan delakoaren haria, jakina, mundu osoko industria elektronikoaren lantegietatik barrena, gure etxe, lantoki eta patriketaraino iristen da da... itxuraz, odol orbanik utzi gabe
Gaur-gaurkoz, geure hiztegian hitz berri baten aditzera edukitzeko balio izan digute ia denoi argitaratu diren albiste bakanek: «koltan». Jakintzaren biltegietara joateko beta eta ganora izan dutenek, hamaika argibide aurkituko zuten han eta hemen ditxosozko «koltan»ari buruz: tantaloa nahiz niobioa lortzeko lehengai estimatuena den kolonbita-tanatitaren laburdura dela; egungo tresna elektroniko askotan funtsezkoak diren osagaiak egiteko prezio egiten duela tantaloak; munduko leku bakanetan ustiatzen dela; erreserben %80 inguru antza Kongon daudela...
Albisteak osorik entzun edo irakurtzeko pazientzia izan dutenek, bestalde, jakingo zuten Kongoko Ipar Kivun egoera izugarri txartu dela azkeneko aste hauetan; Masisin zuten gotorlekutik abiatuta, Laurent Nkunda jeneralaren gerrillari banyamulenge tutsiek hainbat hiri hartu dituztela Ipar Kivun, eta Goma hiria, probintziako hiriburua, hartzear dutela; haien beldur diren milaka herritar ihesi doazela, nora joan handirik ez badute ere; Kinshasako Gobernuaren soldaduak direla ihesi doazen lehenak, eta lapurretan bortitzenak; inguru hartan diren Nazio Batuetako kasko urdinak besoak gurutzatuta daudela...
Eta atzean, itxura denez, koltana dagoela. Kongoko eskualde hartantxe baitaude munduko koltan ustiategi oparoenetako batzuk. Eta ofizialki handik merkatuetara ezer gutxi iristen bada ere, izugarrizko kontrabando sarea omen dagoelako Ruandatik barrena, herrialde hartako armada onuradun nagusia dela. Koltanaren haria, jakina, mundu osoko industria elektronikoaren lantegietara eta, haietatik barrena, gure etxe, lantoki eta patriketaraino iristen da... itxuraz, odol orbanik utzi gabe.
Ustiategien kontrola eskuratu nahi dutenak omen dira orain Kivuko gerra-egoeran tematzen ari direnak: iheslari hutu ruandarrak alde batetik, eta Nkundaren banyamulenge tutsiak bestetik. Horretatik ia automatikoki eratortzen diren ondorio politiko-diplomatiko guztiekin: Nkundaren milizia Ruandako Armadaren luzapen bat da kasik, FDLRko hutuak (1994ko genozidioaren egileak edo hurbilekoak batzuk) Kinshasan agintean den baina Kivun itxura besterik ez den gobernuaren aliatuak diren bitartean. Eta guztiari begira (beste ezer egiteko gaitasunik, asmorik zein agindurik ez dutelako), Nazio Batuetako kasko urdinak, duela bost urteko bake-itunaren zaindariak (?).
Jendea, noski, ihesi doa tiroak hurbildu ahala. Ahal duten moduan, ahal dutenarekin, ehunka mila, anabasa humanitarioa bihurtzeko arrisku larria duen giza-uholdean. Halere, nahiago dute ihesi joan. Gogoan dute 2004ko ekainean, gertu, Kivu lakuaren hegoaldeko muturrean dagoen Bukavun, eta protagonista bertsuekin, gertatu zena. Hiria hartu zutenean, bere burua kristau pentekostalista gartsutzat duen Nkundak, hiru eguneko baimena eman zien bere soldaduei nahi zutena egiteko. Hamasei mila emakume baino gehiago bortxatu zituztela uste da. Betikoa, alegia. Ia dena asmatuta baitago gerra egiteko orduan.
Agian, horregatik eskaintzen diegu hain arreta eskasa halako albisteei.