GARA > Idatzia > > Kultura

Musika alaia eta bizi poza, Damba taldearen lehen diskoan

«Y si rompo mi camino» izena du Damba taldeak kaleratu duen lehen diskoak. Hamaika kidez osatu bandak kultur aniztasuna du ezaugarri nagusietakoa, izan ere, zortzi lagun Euskal Herrikoak badira ere, kubatar bat eta venezuelar bat ere badira, eta kantaria madrildarra da.

p042_f01_148x116.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Estilo diferenteen usain goxoa duen diskoa osatu dugu, kantu bakoitza plater bat izango balitz bezala egin dugu, osagai askorekin». Hitz horiekin deskribatu zuen diskoa taldeko musikari Aitziber Estangak. Taldearen kultur aniztasuna eta «osagai aniztasuna» ez datorkio bakarrik taldekideen jatorri ezberdinetatik; izan ere, disko hau grabatzeko hiru urte behar izan dituzte, munduan zehar egindako lanaren ondorioz. Diskoa Kuban, Mexikon, Euskal Herrian, Katalunian eta Madrilen grabatua izan da, eta nahasketak Estatu frantsesean egin dituzte.

Bestalde, herri eta estilo ezberdinetako ekarpenak ere jaso dituzte. Esaterako, Sorkun, Zigor edo Julio Andrade euskaldunen kolaborazioak antzeman daitezke bertan. Venezuelako Leonel Ruiz, Kubako Vocal LT eta Mexikon bizi den Med Medina gitarrista kubatarrarekin batera, Dusminguets talde katalan ezaguneko abeslariak ere parte hartu du Dambaren lanean.

«Y si rompo mi camino» da diskoaren izenburua, eta bertako hiru kanturen izenburuekin osatu dute, «Y si», «Rompo» eta «Mi camino». Kantuetako hitzek gai oso ezberdinak jorratzen dituzte, gai sozialak, errutinak, estresak, eta nola ez, sentimenduek eta maitasunak ere lekua dute diskoan. «Hausnarketarako kantak dira eta bukaera positiboa dute denek», jakinarazi zuen Estangak.

«Nicaragua Nicaragüita» da diskoaren azken kanta eta hori izan ezik, beste guztiak beraiek sortu dituzte. «`Nicaragua' kantuak taldearen goxotasuna helarazten duela» azaldu zuen Kristian Amorena perkusionistak.

Kantuetako hitzek bezala, hizkuntzen bitartez ere zabaldu nahi dute beren mezua. Gehienak gaztelaniaz badira ere, kantu bana dago euskaraz, katalanez eta portugesez.

Lagunartea eta alaitasuna

Musikaren munduan topo egin dute taldea osatzen duten pertsonek, eta, jatorri ezberdinetakoak izanik ere, denak Euskal Herrian bizi dira, Rocio Herrera kantaria izan ezik, Madrilen bizi dena. Estilo ezberdin bateko proiektua sortu nahi zutela azaldu zuen Kristian Amorenak: «Maite genuen gaia, eta horren araberako giroa sortu dugu. Erritmo aldaketak ikusten dira, ibili izan garen lekuetako jendearen ekarpenak sumatzen dira kantuetan». Taldekideek egitasmoan sinesten zutenez, diskoa eurek ekoiztea erabaki zuten.

Diskoa atzo jarri zuten salgai, eta badira hainbat datu taldearen arrakasta iragartzen dutenak. My Space Interneteko webgunea izan daiteke argibide bat, izan ere, hamar hilabetetan 150.000 bisita izan dituzte eta 208.000 deskarga. Webgune horren bitartez ere erosten ahalko da diskoa, eta sareko beste hainbat tokitan ere bai. Zuzeneko salmenta Estatu frantsesean eta espainolean, eta Alemanian egingo da. Diskoaren prezioaren bidez ere, «hitzetan aldarrikatu mezua zabaldu nahi dugu», baieztatu zuen Kristian Amorenak, eta, hala, CDa hamabi eurotan salduko dute.

Lehen singlea izango den «Mi camino» kantaren bideoklipa ere egin dute. Taldearen izaera ikusten da bertan, Kristian Amorenak azaldu zuen legez: «Gure ideien eta positibotasunaren isla da bideoa. Jendearekiko hurbiltasuna erakusten dugu, hor agertzen dira haurrak eta zaharrak, kaleko jendea eta arrantzaleak, itsasoa eta hiria...».

Hamaika lagun taula gainean

Diskoa grabatzeko hiru urteko lana bete ondoren, zuzenekoak prestatzen hasi dira orain. Eta ez dira nolanahiko zuzenekoak izango, taldekide guztiak elkartuta, lagun talde ederra osatzen dute-eta, hamaika lagun taula gainean. «Jendea eguneroko errutinatik aterarazi nahi dugu, eta ondo pasatzea» azaldu du Aitziber Estangak taldekideak.

Estilo alaia eta erritmotsua izanik, taldearen ezaugarri nagusia, giro ona transmititzea dute xede. «Gure musika alaia eta festa girokoa da, jendea dantzan jarri nahi dugu», esan zuen Estangak.

Lehen kontzertua Lapurdiko hiriburuan eskainiko dute, Baiona Ttipiko Megandendan, hilaren 15ean. Bigarren zuzeneko aurkezpena Durangoko Azokan izango dute. Aurtengo disko eta liburuaren merkatuaren berrikuntzetako bat antzeztokia izango da, eta bertan joko dute Danba taldekoek abenduaren 6an, eguerdi aldera. Taldeak erakusmahai bat ere jarriko du Durangon, diskoa eta bideoklipa aurkezteko.

Zortzi pertsonez osatu kontzertu «akustikoagoak» ere eskainiko dituzte Damba taldekoek. I. E.

ERRITMOA

«Maite genuen estiloaren araberako giroa sortu dugu. Erritmo aldaketak ikusten dira, aurkitu dugun jendearen ekarpenak sumatu ahal dira kantu guztietan», azaldu zuen Kristian Amorena musikariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo