Igor Olabarrieta eta Martintxo Mantxo Komite Internazionalistak eta Ekologistak Martxan, hurrenez hurren
Duintasunaren alde, utzi bakean Paraguai!
Gugandik urrun dagoen arazoa iruditu arren, salatu beharra dago gure inguruko interes ekonomikoek sarraski horretan duten partaidetza. BBVAk Bunge multinazionala finantzatzen du
Azken garaiotan albiste kezkagarriak jasotzen ari gara Latinoamerikatik, indar oligarkikoak eta jauntxoak Estatu Batuen laguntzarekin bertako hainbat prozesu aurrerakoiren aurkako erasoak antolatzen eta burutzen ari dira. Paraguain ere antzeko estrategia hedatzen ari dira indar eskuindarrak inpunitate osoz.
Stroessner-en 35 urteko diktadurak (1954-1989) eta Partido Coloradoren 60 urteko agintaldiak agintekeria eta ustelkeria ikaragarriaren bidez herriaren suntsipena ekarri du. Herritarren %50 pobreziaren mugaren azpitik bizi dira, eta osasun eta hezkuntza eskubideak gutxiengo baten pribilegio bihurtu dira. Joan den apirilean, Fernando Lugo Gobernuko presidente hautatu zutenean, itxaropena piztu zen.
Nekazaritza arloan aspalditik pairatzen ari diren egoera larria arintzeko neurriak premiazkoak dira, baina interes ekonomikoek argi erakutsi dute garesti salduko dituztela orain arte irabazitako prebendak. Azken hamarkadan nekazaritza arloko multinazionalek etengabe aritu dira herri honen lurrak eskuratzen eta monolaborantza eredua inposatzen. Paraguain ohiko nekazaritza ustiapena familiaren autokontsumora eta barne merkatura bideratuta bazegoen ere, monolaborantza eredu berri honen ardatz nagusia nekazaririk gabeko nekazaritza da. Honek, lurraren ustiapen intentsiboa, landare transgenikoen eta agrotoxikoen erabilera aldarrikatzen du besteak beste, eta jatorrizko haziak baztertu eta ingurumena suntsitzen du. Hori dela eta, nekazariak kanporatzen dituzte etengabe.
Lurra mantentzen dutenek sekulako presioak jasaten dituzte: pestiziden bidezko fumigatzeak, edota indar paramilitarren jazarpena eta hilketak. 1985etik 2005era 77 nekazari erail edota desagerrarazi dituzte, eta gaur egunera arte eraildakoak 100 izan daitezkeela uste da. 2004an 1.156 atxiloketa izan ziren. Urriaren 16an 73 egun bete dituzte gose greban Argentinan dauden 6 preso paraguaitarrek beren eskubideen alde eta estradizioaren kontra. Urriaren hasieran bi nekazari erail dituzte, dozenaka nekazari atxilotu eta zauritu. Egun batzuk lehenago, latifundistek inolako lotsarik gabe publikoki aditzera eman zutenez, indar armatuak erabiltzeko prest zeuden. Irailean estatu kolpe saiakera izan zen. Lugoren Gobernua kinka larrian da.
1995etik 2005 arte soja landaketa urtean batez beste 125.000 hektarea areagotu da. Iaz 2,8 milioi hektarea landatu zituzten sojarekin eta 6,5 milioi tonako uzta batu zuten. Paraguai munduko seigarren soja ekoizlea bihurtu da eta laugarren esportatzailea. Hau oso adierazgarria da, batez ere Paraguairen tamaina beste herrialde horiekin konparatzen badugu.
Soja transgenikoa landatzeak pestiziden erabilpen intentsiboa dakar, askotan bere kaltegarritasunagatik debekatuta dauden produktuak ere erabiltzen dira. Hauek historian zehar arma kimiko gisa erabili dira: besteen plantazioak erretzen dituzte eta ura kutsatu eta animaliak eta gizakiak hil egiten dituzte. Osasunean dituen ondorioak nabariak dira: minbizia, malformazioak, abortuak eta heriotza. Joan den astean Silvino Talavera 11 urteko mutikoaren familia Monsanto enpresa epaitegietara eramatekoa zen haren heriotza zela-eta. Erosketak egitera zihoala pestizidekin fumigatzen ari ziren soja eremu baten ondotik pasatu zen.
Pestiziden ondorioez gain, laborantza eredu horrek ingurunean dituen ondorio kaltegarriak ere nabariak dira: jatorrizko hazien desagerpena, basoen suntsipena (zenbait tokitan honen eraginez jatorrizko basoen %90 desagerrarazi dira) eta bioaniztasunaren desagerpena.
Beren eskubideen alde hainbat erakundetan antolatu dira Paraguaiko nekazariak, MAP (Movimiento Agrario Popular), MOAPA (Movimiento Agrario Paraguayo) edota OLT (Organización de Lucha por la Tierra) besteak beste, nekazarientzako lurren berreskuratzea, jatorrizko haziak eta landaketa-ereduaren defentsa eta elikagai subiranotasuna dute helburu nagusi. Lurra berreskuratzeko latifundistek lapurtutako lurrak okupatu eta lantzeari ekiten diote, baina sarritan aldarrikapen mota honek ondorio latzak ditu.
Lur-inbasio horren buru nagusiak Brasiletik etorritako latifundistak dira, mundu osoan ezagun diren multinazionalekin (Monsanto, Cargill, Bunge...) elkarlanean aritzen direnak. Gugandik urrun dagoen arazoa iruditu arren, salatu beharra dago gure inguruko interes ekonomikoek sarraski horretan duten partaidetza. BBVAk Bunge multinazionala finantzatzen du. Bungek Zierbenan bioerregaia ekoizteko planta bat izango du, 200.000 tona ekoizteko gai dena. BBK Entaban (bioerregai ekoizlea) enpresaren %56ren jabea da. Entaban Paraguaiko Litoral Alto Parana SA eta Rediex/MIC enpresekin kontratuak dauzka urtean 100.000 tona bioerregai ekoiztuko duen planta eraikitzeko.
Gauzak horrela, Paraguaiko nekazariei, lur gabeei eta ekintzaile eta errepresaliatuei eta justiziaren alde lan egiten duten lagunei gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Horrez gain, ezinbesteko jotzen dugu Euskal Herrian ere monolaborantza ereduari eta bioerregaiei ezetza adieraztea, Hegoaldean gertatzen diren hilketen konplize izan ez gaitezen.