Nafarroako aurrekontuen aurka egin eta 16 milioi eskatu ditu EHNEk sektorerako
EHNE 2009ko Nafarroako aurrekontuen aurka agertu zen atzo, eta Landa Garapen eta Ingurumen sailerako aurrekontua 16 milioi eurora igo dezaten eskatu zuen. Horrez gain, nekazarientzat Gobernuak zuen sinesgarritasun guztia galdu duela adierazi zuen sindikatuak.
GARA |
EHNE sindikatua 2009ko Nafarroako aurrekontuen aurka agertu zen atzo, eta Landa Garapen eta Ingurumen sailerako bideratutako diru-partida hamasei milioi eurora igotzearen beharra azpimarratu zuen.
Nafarroako EHNEko kide eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan sindikatuko ordezkari Ignacio Gilek azaldu zuenez, Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko guztiekin harremanetan jartzen hasi dira jada, zuzenketak aurkeztuz proiektuaren «funtsezko aldaketa» lortzeko.
Sindikatuko kideak «murrizketak» egongo zirela uste zutela adieraztearekin batera, egoera uste zutena baino «gogorragoa» dela azpimarratu zuen. Hasiera batean iragarritako %9,41eko jaitsiera zena %15era iritsi baita. Izan ere, 2009ko aurrekontuetan bederatzi milioi euroko diru partidak sartu ditu Nafarroako Gobernuak, 2008. urtean beste sailetan sartzen zirenak, alegia.
Bestalde, Gilek nekazarientzat «oso garrantzitsuak» diren aurrekontu-sailak jasandako murrizketak «oso larriak» direla aipatu zuen. Besteak beste, nekazaritzako ingurumen diru-laguntzak (-850.000 euro), kalte ordain osagarriak (-350.000 euro) eta abeltzaintza azpiegiturak (-750.000 euro) aipatu zituen EHNEko kideak.
Horrez gain, hobetze plangintzetarako eta lehenengo ezarketarako eta eredu iraukorrentzako zein ureztatzeko lurrak berritzeko diru-laguntzak murriztu izanaren kontra agertu zen Gil.
EHNEren ustez, «egin beharko litzatekeen lehenengo gauza beste departamentuetako bederatzi milioi euro horiek bere tokira itzultzea izango litzateke». Ondoren, Gilen hitzetan, kopuru hori «berriro sartu» beharko litzateke eta beste lauzpabost milioi euro bideratu «murriztuak izan diren diru partidek gutxienez iragan urteko maila lortzeko» helburuarekin.
Horrekin batera, aipatu zuenez, «orain murriztu diren partida asko duela urtebete Nafarroako Gobernuak iragarritako krisiaren aurkako neurrien barruan zeuden. Bost urterako konpromisoa zuten egitura-neurri horiek, baina oso epe motzean utzi dituzte bertan behera».
Sinesgarritasun falta
Arrazoi horiek guztiak tartean direla-eta, «nekazariek eta abeltzainek zein EHNEk berak ere Nafarroako Gobernuarengan zuten sinesgarritasuna galdu dute», azpimarratu zuen Gilek, «Gobernuak behin baino gehiagotan emandako hitza ez baitu bete eta nekazari eta abeltzainen izena gehiegitan erabiltzen ari dira Gobernuaren lana iritzi publikoari saltzeko».
«2009ko aurrekontuen aurreproiektuan Landa Garapen eta Ingurumen sailerako 180.253.009 euro soilik bideratzen dira, 2008ko eta 2007ko aurrekontuetan baino %9,41 eta %1,21 gutxiago, hurrenez hurren».