GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Barcinak hauteskundeetan lortu ez zuena zigor bidez bete nahi duela salatu dute

UPN eta PSN alderdiei Iruñeko Udaletxean izatea «jasanezina» zaiela azalduz, Gastesi eta gainerako kideen kontrako zigorra ezker abertzalea «isilarazi» eta euren lana «oztopatzeko» izan dela azaldu zuten.
p018_f02_143x092.jpg

Jasone MITXELTORENA|

Ezker abertzaleko hautetsiek beren kideen eta bi kazetariren kontrako auzia sektore honen kontrako errepresioan «jauzi kualitatibo garrantzitsua dela» ohartarazi zuten atzo Iruñean, Mikel Gastesiren kasuan, «bulegoa itxiz lana egiteko aukera kendu, eta horren aurrean protesta baketsua egiteagatik» zigorra jasotzeak agerian uzten duen «gehiegikeria» nabarmenduz. Santi Kiroga eta Piru Zabaltzak azaldu zutenez, «milaka herritarren bozen bidez» lortutako ordezkaritza kentzea da benetako zigorra, eta beraz, «lotsagarritzat» jo zuten «bere lana egin ahal izatea defendatzeagatik bi urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra eskatzea.

Hein horretan, «Yolanda Barcina alkatearentzat, eta UPN eta PSN alderdientzat», Iruñeko Udaleko ezker abertzalearen ordezkaritza «jasanezina» dela jakinarazi zuten, eta hauteskundeetan ilegalizazioaren gainetik jendeak emandako babesa zela-eta ordezkaritza hau paretik kentzea ez lortu izana ospatu zuten. Beraz, «hauteskundeetan lortu ez zutena, orain saiatzen ari dira, zigorren eta mehatxuen bidez».

Izan ere, testuinguru horretan kokatu zuten Gastesiren, ezker abertzaleko beste kide batzuen eta GARAko eta Argazki Presseko bi kazetariren aurkako auzia. Hala ere, orain arte egin bezala, ezker abertzaleko hautetsiek euren «konpromisoari» eutsiko diotela ziurtatu zuten: «Jakin dezatela ez gaituztela isilduko, ezta geldituko ere, zigor eta mehatxu hauekin». Iruñeko Udalak beharrezkoa duen ahots kritikoa izaten segituko dutela adierazi zuten, eta, besteak beste, «Madrilek agindutakoaren menpe ez segitzeko, herritar guztien hitza eta interesak kontuan hartuak izateko, egitasmo politiko guztiek aukera berdina edukitzeko eta `krisiaren' ordainak langileek ez ordaintzeko» lanean segituko dutela baieztatu zuten atzo Iruñean.

Komunikabideek zer esana

Milaka herritarrek emandako bozei dagokiena defendatu nahi izan zuen Gastesik, Barcinaren aginduz ekainean bulegoa itxi zietenean. Udaleko gainerako alderdien babesa jaso ote duen galdetu zuen agerraldian zegoen kazetari batek; atzo goizean oraindik horren berririk ez zutela adierazi zuen Kirogak, baina bi kazetari kasu berean euren lana egiteagatik auzipetuak direla gogoraraziz, komunikabideek ere zer esana badutela ohartarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo