GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Behobiatik Donostiara autobusik hartu gabe, herritarrak protagonista diren ikuskizunean

Hogei kilometroko lasterketa ez da txantxetako jarduera. Batzuei pentsatze hutsak nekea eragingo die; baina halakorik ez zaie gertatzen beste askori, eta igandean, aurtengo Behobia-Donostia herri lasterketan, seguruenik inoizko parte-hartzerik handiena eragingo dute. Antolatzaileen esanetan, 16.300 korrikalarik eman du izena. Milaka herritar bat eginda ahaleginean, baina jaian ere bai, jai handi eta koloretsua ere bada-eta, inguru ezin ederragoan. Herri lasterketa da, baina ez inork izendapen hori ematen diolako, milaka parte-hartzaileek izaera hori ematen diotelako baizik. Herritar arruntak, gehien-gehienak eliteko kirolari profesionalak ez direnak, proba ikusgarri batean parte hartzeaz beste asmorik gabe, edo hamaika aldarrikapen egiteko asmoarekin, zenbaitentzat hori maiseatzeko motiboa den arren. Mugaz bi aldeetako euskaldunen bilgune, hizkuntza askoren artean euskara nagusi den elkarretaratze ibiltaria. Parte-hartzeaz beste saririk ez dute bilatzen hara biltzen direnek. Eta hori goi mailako kirola dela zalantzan jartzen bide du hainbatek; halere, astero izenburuetan letra larriz idatzita agertu eta txeke larriagoz finantzatzen denari ere kirola esaten diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo