Europako inmigrazio politikak kritika orokortua jaso du Biarrizko Foroan
Latinoamerikako ordezkari gehienek ez dute begi onez ikusi Europar Batasunak Inmigrazioaz eta Asiloaz abian jarriko duen Ituna. Horrela adierazi zuten atzo Biarritzen, nahiz eta herritarrak beren lurra uzteko premia izan dezaten beraiek ere bere ardura dutela onartu zuten.
Arantxa MANTEROLA |
Europar Batasunak 2011n abian jarriko duen inmigrazio politika hizpide izan zen atzo Biarrizko Foroan. Ernesto Samper eztabaida gidatu ez ezik, zirikatu ere egin zuen. Izan ere, Adrian Bonilla FLACSOko idazkari nagusiak Latinoamerikako herrialdeen migrazioari buruzko azalpen orokorra egin ostean eta Luis Yañez eurodiputatu espainiarrak «aurreikusitako neurriak erabat onak ez badira ere, egun dagoena baino hobeak direla» zehaztuta, Semperrek eztabaida piztu zuen etorkinen gaia oso sentibera dela erakutsiz.
Duela 15 urte arte, Europa «harrerazko kontinentea» zela baina, «tamalez», aldatu egin dela adierazi zuen Semperrek. Aldaketa hori muinekoa izan dela gaineratu zuen: «Ikuskera, proiektu politikoa aldatu du Europak eta inmigrazioari buruzko zuzentaraua horren isla da». Segurtasuna aitzakiatzat hartuta, «etorkinen kriminalizazioa bultzatzen» ari dela esan zuen. «Filosofikoki onartezina eta juridikoki lotsagarria» da Kolonbiako presidente ohiarentzat europar Parlamentuak onartutako Inmigrazioari eta asiloari buruzko Ituna.
«Guantanamo europarra»
«Guantanamo europarra» eraikitzen ari zirela esateraino joan zen Semper, hori bai, gisa oneko tonuan, nahiz eta mahai inguruan zeuden ordezkari europarrek -Yañezek berak, Mario Baldassarri senatore italiarrak, edota Zair Kedadouche frantziarrak- oso gustuko izan ez zuten.
Hain zuen ere, azken horrek, Integrazio Goi-Batzordeko kide den heinean, «gehiegikeriatzat» jo zuen alderaketa hori.Etorkin algeriarren semeak azalpen luzea eman zuen Ituna onartzera eraman zuten 370 europarlamentarien arrazoiez. Inmigrazioaren alde onak gutxietsi gabe, «alde itsusiak» ere ikusi behar direla eta, ez dela «hipokresian» erori behar gaineratu zuen. Azken urteotan gizarte europarrak inmigrazioaz duen iritzia aldatzen joan dela nabarmenduta, gero eta gehiago «nazio identitarekin» lotzen den gaia da Kedadoucheren ustetan. Horren lekuko jarri zuen muturreko eskuinak izaten ari den gorakada. «Ez utopistak izan, arazoak gure aurrean daude» adierazi zuen.
Kolonbiako senatore Juan Fernando Cristok ere ez zuen «baikor izateko» arrazoirik ikusten Europak hartu duen bidetik, baina, besteren artean, puntu berria jarri zuen mahai gainean Latinoamerika bertako lekualdaketak aipatzerakoan. «Agian, ezin diezaiokegu eskatu Europari guk geuk egiten ez duguna» esan zuen, herrialde ezberdinen artean mugitzeko eta bisak lortzeko latinoamerikarrek dituzten arazoak gogoratuz.
«Barne-trabarik, ez»
Hari horri heldu zion Oscar Ortiz Boliviako Senatuko presidenteak. Bere iritziz, sakoneko kontua da «zer egin inork bere herrialdea uzteko premian aurkitu ez dadin». «Ardura nagusiena gurea da» eta «askotan latinoamerikarrak geure artean trabak jartzen dizkiogu elkarri» esan zuen.
Horren adibide jarri zituen jarraitzen diren merkatu-politikak, batez ere, «herrialde handienenak». Brasil, Argentina edota Chile aipatu zituen, presioak direla medio bertako ekoizpenak ez erosteko edo trukatzeko hainbatetan duten joerengatik. «Barne-jokamoldeok ere berrikusi beharko ditugu. Herrialde handiekin itunak egiten dituztenean txikien egoera ere kontuan hartu beharko lukete, barne-merkatua garatzeko eta, onodrioz, gure lurraldeetan lana sortzeko».
PRI alderdi mexikarreko presidentea jabetzen da arazoaren muina «mugitzeko eskubidearen eta estatuen interesen arteko oreka» bilatzea dela. Alta, atzoko eztabaidan bere harridura agertu zuen, Europak hartu duen bidearengatik, batez ere, paperik gabe harrapatzen dituzten etorkinen kontrako neurri berriei dagokionean «II. mundu-gerra ostean, Europaren ereduak horrenbeste amestu arazi zigun utopia erori egin da» gaineratu zuen.
«Baina, zer gertatzen zaio munduari? Zergatik egun bizi dugun krisi ekonomikoak lortzen du hogei herrialde handi biltzea goseteak inoiz ez duenean hori erdietsi? galdetu zuen Beatriz Paredesek.
Munduan zehar Latinoamerikako 25 milioi etorkin daude, horietatik gehienak mexikarrak. EEBBk dira hartzaile nagusienak eta, Europan, Estatu espainola. Azken 10 urtetan, %2tik %12ra igo da etorkinon kopurua Estatu espainolean.