Buruz Buruko Munduko Pala Txapelketa
Bihar hasiko da Deportivon urteko lehiaketa nagusia
Eskailera sistema bidez jokatuko da hamar pilotarirekin. Imanol eta Ziskar II.a dira bi zerrendaburuak. Finala abenduaren 6an jokatuko da Bilboko Deportivon.
GARA | BILBO
Bihar hasiko da Bilboko Deportivo pilotalekuan profesional mailako Buruz Buruko Munduko Pala Txapelketa. Hamar pilotarik hartuko dute parte guztira, bi multzotan banatuta, eta azken urteotan bezala, eskailera sistema erabiliko dute. Final nagusia abenduaren 6an, larunbata, jokatuko dute Bilboko frontoian eta ETBk zuzenean eskainiko du.
A multzoan arituko diren bost pilotariak honakoak dira: Larrinaga, Beldarrain, Urkijo, Fusto eta Imanol. B multzoan lehiatuko direnak ondorengoak dira: Velilla, Ibargarai, Galan, Gaubeka eta Ziskar II.a. Lehiaketan sartuko diren azken bi pilotariak Imanol -iazko txapelduna- eta Ziskar II.a -iazko txapeldunordea- izango dira.
Lehen neurketa Julen Beldarrainek eta Koldo Larrinagak jokatuko dute, bihar 17.00etan hasita. Irabazleak Josu Urkijo izango du zain final-zortzirenetan. Beste multzoko aurreneko norgehiagoka larunbat honetan izango da, Xabier Ibargarai eta Daniel Velillaren artean. Irabazleak Manuel Galanen aurka jokatu beharko du.
Jokoari dagokionez, ez dago berrikuntza nabarmenik. Pilotari guztiek hamaikagarren koadrotik atera beharko dute pilota, eta partida guztiak 35 tantora jokatuko dituzte. Bi finalerdiak egun berean jokatzea erabaki dute antolatzaileek, abenduaren 29an, larunbata hau ere, eta finala handik astebetera iritsiko da. Aurkezpenean, Asfedebi eta Munduko Pilota Batzarreko kideez gain, hainbat pilotari ere izan ziren.
Binaka, abenduan
Buruz buruko txapelketarekin batera, Binakako Munduko Pala Txapelketaren berri ere eman zuten antolatzaileek atzoko aurkezpenean. Nahiz eta oraindik izenak erabaki gabe dauden, goi-mailako lau bikotek hartuko dute parte. Ligaxka batean guztiek guztien aurka jokatuko dute, eta irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerako. Bigarren eta hirugarren sailkatzen direnek, aldiz, finalerdi bat jokatuko dute bigarren finalista erabakitzeko. Lehiaketa abenduaren 11n hasiko da eta finala Gabonak aldera jokatuko dute. Honetan ere, partida guztiak Bilboko Deportivon jokatuko dituzte.