GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Sasoian jarri ezinda

Necatik onartu du oraindik ez dagoela pisu egokian

Aurrelari turkiarrak uste du bere jokoak gora egingo duela minutu gehiago jokatu, eta lehen gola sartzean.

p035_f01_111x111.jpg

GARA | DONOSTIAN

Realean irailaren hasieratik dagoen arren, Necati Ates aurrelariak atzo onartu zuen «oraindik pixka bat falta» zaiola taldeko medikuek berarentzat egokitzat jo duten 78 kiloko pisuan jartzeko. «Sasoi onean nago. Dagoeneko ia 78 kilo pisatzen dut, asko kendu ditut. Apur bat falta zait, baina laster 78ra jaitsiko naiz, hori baita medikuek eskatzen didatena», azaldu zuen aurrelari turkiarrak.

Zortzi partidetan banatuta 272 minutu jokatuz, Realaren azken fitxaketak, Turkian oso zenbaki onak izanagatik, ez du oraindik golik sartu bere talde berriarekin, baina horrek ez du askorik kezkatzen Galatasarayk utzitako jokalaria. «Ez diot buelta gehiegirik ematen, buelta asko emanez gero askoz okerragoa baita. Partida asko geratzen da oraindik», gaineratu zuen.

Bolada onaren zai

Futbolarien artean, aurrelariak espezie berezi batekoak dira, euren lan guztiak ezer gutxi balio baitu golik egin ezean. Hori dela eta, bolada asko izaten dituzten jokalariak dira golak egiteko ardura duten hauek, eta turkiarrak uste du lehen gola sartzen duenean gauzak errotik aldatuko direla, baina horretarako minutuak behar dituela nabarmendu zuen. «Futbolari batek, jokatzen duen heinean, bere sasoia eta jokoa hobetu egiten ditu. Aurrelarion elikagaiak golak dira eta sartzen hasten naizenean ziurrenik hobera egingo dut eta asko egingo dut gora. Azken bi hilabeteotan, ez dut partidarik segidan jokatu, partida bat bai, hurrengoa ez, bi ez eta beste bat bai, horrela ibili naiz. Espero dut laster golak sartzen hasi eta leku bat egitea».

Espero zen mailatik, edo gutxienez aurreko urteetan egindako zenbakietatik oso urrun dagoen arren, Necatik azaldu zuen ez dagoela kezkatuta. «Ez nago larrituta, futbola talde kirola da, sistema baten barruan jokatzen da. Entrenatzailea sistema onena bilatzen ari da eta aldaketak izan dira. Niri lan bat agintzen badit, eginahalak egingo ditut nire jokoa hobetu eta taldeak hobera egin dezan».

Ez jokatzeak tristura apur bat eragiten dion arren, turkiarra oso gustura agertu zen taldeak Tarragonan lortutako garaipenarekin, «goian egon ahal izateko behar-beharrezkoa baitzen».

mediku txostena

Belauna minduta zuen Xabi Castillok hobera egin du eta baloia jotzen hasi zen atzo. Bestalde, Xabi Prieto, Carlos Martinez eta Gorka Elustondok euren kasara lan egin zuten Zubietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo