Jokin Muñoz eta Josu Zabaleta, aurtengo Euskadi Literatura saridunak
Jokin Muñozen «Antzararen bidea» lanak (Alberdania) eta Josu Zabaletaren «Gaueko gezurrak» itzulpenak (Alberdania/Elkar) eskuratu dituzte euskarazko literaturako eta itzulpengintzako Euskadi Sariak, hurrenez hurren. Oroitarria bigarrenez jasoko dute biek ere, azaroaren 18an Gasteizen egingo den sari banaketan. Euskadi Literatur sariek 18.000 euroko ordaina dute eta datorren urtean berrikuntzak izango omen dituzte ziurrenera.
A. KAMIO-A. BILBAO | DONOSTIA
Txomin Peillen eta Karlos del Olmo epaimahaiburuen arabera, euskararen erabilera bikaina eta jatorrizko liburuarekiko euskarazko bertsioaren fideltasuna izan dira, hurrenez hurren, Jokin Muñoz eta Josu Zabaleta saritzeko oinarrizko zioak. Lehenengoaren esku geratu da euskarazko literaturari dagokion Euskadi Saria «Antzararen bidea» eleberriarengatik (Alberdania) eta, bigarrenaren esku, literatura itzulpengintzari dagokiona, «Gaueko gezurrak» lanagatik (Alberdania/Elkar). Bigarren aldiz jasoko dute biek Euskadi Saria. Muñozek 2004an irabazi zuen lehenengoz «Bizia lo» lanarekin, eta Zabaletak, 2001ean, «Fantasiazko ipuinak» bildumarekin. Biek ala biek, oroitarria eta 18.000 euroko diru saria jasoko dute, azaroaren 18an Lehendakaritzan egingo den ekitaldian. Muñozek, gainera, 3.535 euroko diru laguntza ere jasoko du, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izateko hitzarmena sinatu ostean.
Denboran zehar saltoka
Jokin Muñozek «atzean historia luzea duen» liburuari esker bereganatu du 2008ko Euskadi Saria. «Bereziki dramatikoak» diren bi bizipenekin «ispiluen arteko jokoa» sortu du idazle castejondarrak. Batetik, Nafarroako Erriberan 36ko Gerraren atarian fusilatu zituzten 3.000 nafarren oroimena berreskuratu du hauts artetik eta, bestetik, 2003ra arteko jauzia egiten du, Donostiara, semea galdu duen ama baten begietara. «Ama horrek ez du semea ezagutzen, bizitzako hainbat egoerarengatik ezin izan dio behar besteko arreta eskaini. Beraz, semea zendu ostean, hura ezagutzeko grina piztuko zaio. 36ko Gerrako Erriberako mutiko baten argazki batek elkartzen ditu bi garai horiek», azaldu zuen.
Bere hitzetan, eleberri hori «zaku handi bat da, barruan zaku asko gordetzen dituena. Detektibe-nobela izan daiteke, baita historikoa ere. Baina ez zaio falta momentu honetan beharrezko ikusten dudan ukitu bat, umorearena. Umore zipriztinak ere badaude historian, nahiz eta berez nahiko dramatikoa izan».
Irabazleaz gain, Itxaro Bordaren «Noiztenka» (Maiatz) eta Sebastian Garcia Trujilloren «Herri maitea, herri dorpea» saiakera (Euskaltzaindia-BBK) izan dira beste finalistak.
Josu Zabaletak, bestalde, honakoa esan zuen hitza hartu bezain laster: «Liburu hori ezinezko proiektua da. Liburu hori ezin daiteke itzuli, ezin daiteke irakurri ere». Zabaletak Gesualdo Bufalinoren eleberria itzuli zuen iaz italieratik euskarara eta lana aski konplikatua izan zen. Jatorrizko idazleak Turingo italieraz, sizilieraz edo napolieraz idatzita zeuden testuetatik edan zuen, eta horiek itzultzea ezinezkoa da, legazpiarraren iritziz. Gainera, Bufalino «seinaleak» ematearen zalea zen, eta zaila da haiek harrapatzea.
«Hizkera katramilatuz joaten da, nolabait esateko, aldapan gora itoan joango litzatekeen auto baten moduan eta, itotzear dagoenean, gaina hartzen du eta epiteto pare bat, edo halako gauza txundigarriak erakusten ditu. Horrek berrinterpretazioak egitera behartzen du». Nobela horretan, hiltzera zigortuta dauden gizon batzuen azken egunak kontatzen ditu. Azken ordu horretan elkarri beren bizitza kontatzen diote, eta gillotinaren aihotza lepo gainean erori aurretik buruan gogoan izateko bilduma labur bat egiten saiatzen dira.
J. Garzia Garmendia («Formen matxinada edo nola iraun ziurgabetasunak erasatean», Jorge Wagensberg), M. Garmendia («Tunela», Ernesto Sabato), A. Martinez de la Cuadra («Gainbehera dator dena», Chinua Achebe) eta J. Muñoz («Parmako kartusia», Stendhal) izan dira beste itzultzaile finalistak.
Epaiaren arrazoiak
Txomin Peillen da euskarazko literatura sariaren epaimahaiburua, eta Karlos del Olmo, berriz, itzulpengintzaren alorrekoa. Bakoitzak bere sailean hartutako erabakiaren arrazoiak jakinarazi zituzten atzo eta, Peillenen arabera, Muñozen lanak «hizkuntza ona, bikaina» erabiltzen du. Uda osoan 35 lan irakurri dituela onartu zuen eta, aukeraketa baten ostean, lehenbizi bost lan, gero hiru eta azkenik Muñozek idatzitakoa hobetsi zutela. Gaia jorratzeko erak ere bere pisua izan zuen epaimahaiak erabakia hartzeko orduan. «Hasieratik amaieraraino eusten dio irakurlearen interesari eta ez zara aspertzen eleberria irakurtzen», azaldu zuen.
Bestalde, Del Olmoren ustez, Zabaletak «oreka ona» lortu du itzulpena egiteko orduan. «Egilearen zordun den aldetik, fideltasuna zor dio, baina fidela izan behar zaio irakurleari er eta bi alderdietan oreka ederra lortu duela uste dugu epaimahaiko kideek.
Gurutz Larrañaga Lakuako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak jakitera eman zuenez, 2009ko Euskadi Sarietan berrikuntzak izango dira. Euskal Idazleen Elkartearekin, Euskal Editoreen Elkartearekin, Galtzagorrirekin eta EIZIErekin batera, sarien oinarrietan aldaketak egitea erabaki dute. Azpimarragarriena epaimahaien osaera izango da, antza, hiru unibertsitateren iritziak, Euskaltzaindiarena eta aipatutako elkarteena hartuko baitira kontuan. Bestetik, eta beti ere Larrañagaren arabera, sarien mahai sektoriala 2009an Haur eta Gazte Literaturako ilustratzaileei Saria ematea aztertzen ari da.
Gurutz Larrañaga Lakuako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak jakitera eman zuenez, 2009ko Euskadi sarietan berruntzak egitea aztertzen ari dira.
«Euskadi Literatura Sariak euskal literaturaren itsasargia ditugu», Azkarate Kultur Sailburuaren hitzetan. «Xedea argitaratutako lanen artean kalitaterik handienekoei eta beren egileei merezi duten ospea eskaintzea da, eta oro har Euskal Herriko literaturaren sustapena eta hedapena bultzatzea».
1982an sortu itsasargi horrek baina, kalapita batzuk sortu ditu bere urteroko jirabiran, euskaraz diharduen idazle talde batek Utikan Euskari Sariak manifestua argitaratzeraino. Bertan, «baieztatu ahal izan dugu, urterik urte, sarion helburua ez dela literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea» eta «sarion helburua, egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara sumatzen» kezka/salaketak agertzen zituzten plazara. Ondorioz, «Euskadi Sarien oinarriek idazle guztien borondaterik gabeko parte hartzea dakartenez, agiri hau ezagutzera ematea erabaki dugu, guk ez dugula joko hori jokatuko» aldarrikatu, eta muzin egin zioten sariari. Hemen dugu 2007ko otsailaren 16an manifestua publiko egin eta sinatu zuen idazle multzoa: H. Zubiri, M. Zapiain, U. Urkizu, Txillardegi, J. Tobar-Arbulu, P. Sudupe, A. Serrano, E. Rodriguez, P. Rekalde, M. Peruarena, J. L. Otamendi, J. Oiz, J. Morales, J. M. Mendizabal, X. Mendiguren Elizegi, J. Madariaga, A. Linazisoro, J. Landa, E. Jimenez, K. Izagirre, I. Ibarguren, O. Guillan, I. Gillenea, L. Garro, X. Gantzarain, J. Gabiria, L. Etxezaharreta, I. Estankona, J. Elosegi, L. Egia, X. Borda, G. Berasaluze, G. Barandiaran, J. A. Arrieta, J. Arano, I. Aranbarri eta J. Alonso. Kontuan hartzeko moduko kezkak eta kontuan hartzeko moduko taldea.
Beste aldetik, Gurutz Larrañaga Kultura Sailburuordeak «gai hau, sektorearen inplikazio eta partaidetzarekin etengabe aztertzen eta analizatzen den elementu bat da. Hori guretzako elementu garrantzizkoa da» azaldu du berriki. Eta zehatzago, «Euskadi Literatura saria argitaratutako obra baten harian biltzen da, eta horrela den neurrian aukera dauka egileak parte hartzeko ala ez. Lan talde batek finalistak proposatu eta Kultura Sailak kontrastatzen du ea horiek finalista izateko borondatea duten. Ez dago beste misteriorik. Bestalde, esan beharra dago asko direla, gehienak, finalista izatea onartu eta bide horretan aurrera egiten dutenak, eta badira beste batzuk horri uko egiten diotenak eta eskubidea dute horretarako».
Manifestuaren sinatzaile Eider Rodriguezek «Haragia» lan bikainagatik finalista izateko deia jaso du aurten. Eta aukera horri muzin egiteko idatzizko ukoa bidali behar izan du gainera, Uxue Alberdik egin bezala, bere estraineko liburua ere, «Aulki bat elurretan», finalista izateko hautatu baitute. Agian horregatik, ohi legez bost beharrean, aurten hiru baino ez dira izan finalista izendatutako lanak, bik gutxienez ezetza eman dutela frogatu izan baitugu Rodriguez eta Alberdiren ahotsean.
Azkenean Jokin Muñozek lortu du saria «Antzararen bidea» nobelarekin (orain hiru urte «Bizia Lo» ipuin liburuarekin lortu zuen). Iaz Xabier Montoiak eskuratu zuen «Euskal hiria sutan» lanagatik, aurreko lau edizioetan finalista izan ostean. Aurreko garaileak berriz, azken hamar urteak kontuan hartuta, I. Zaldua, H. Cano, P. Lizarralde, I. Borda, R. Saizarbitoria, L. Oñaederra eta A. Lertxundi izan ziren. Argitaletxeei dagokienez, azken hamar urteetan bost aldiz eskuratu du saria Alberdaniako lanen batek, hirutan Ereineko lanek eta behin Susa edo Elkar etxekoek.
Euskal literaturaren zoko guztiak argitzerainoko indarrik ez, eta itzaliz doa, antza, euskal literaturaren itsasargia.
«Eleberria zaku handi bat da, barruan zaku asko gordetzen dituena. Detektibe nobela izan daiteke, baita historikoa ere, baina ez zaio falta une honetan beharrezko ikusten dudan ukitu bat, umorearena».
«Bufalino hizkera katramilatuz joaten da, itoan doan auto bat izango balitz bezala eta, itotzear dagoenean, gaina hartzen du eta epiteto pare bat edo halako gauza txundigarriak erakusten ditu».