GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

Análisia | Gorabehera handiko hilabeteak arraun munduan

Kaiku eta Hondarribia indartsu irten dira udazkeneko olatutik

 Fitxaketa distiratsuak egiteko horrenbeste diru ez duten arraun elkarteek beste mota bateko pizgarriak eskaini behar izaten dituzte jendea erakartzeko, eta horretan Hondarribia bikain moldatu da.

p046_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Udazkenean horren ohikoak izaten diren fitxaketak, aldaketak eta istiluak ez dira falta izan aurten ere arraun munduan. Asko dira taldez aldatzea erabaki duten kirolari eta prestatzaileak, batzuen pozerako eta besteen haserrerako.

Udazkena hausnarketa eta aldaketa garaia izaten da arraun munduan, udan lortutako emaitzak aztertu eta denboraldi berria prestatzen hasteko garai egokia. Arraunlariek bizpahiru asteko oporralditxoa izaten dute, baina arraun elkarteen jarduna ez da gelditzen. Bulegoko lana hasten da orduan eta zuzendaritzako kideen mugikorrak kea dariela ibiltzen dira.

Aurtengo udazkena ez da salbuespena izan eta, beste munduko fitxaketarik egon ez den arren, arraun munduak albiste dezente utzi ditu azken asteotan. Lerro gutxi batzuetan, datorren denboraldian zeresana eman dezaketen hainbat berrikuntza laburbilduko ditugu.

Talde boteretsuenek (ekonomikoki) ez dute iraultza handirik egin. Kaiku San Miguel Ligara igo izanak beldurra sortu zuen beste arraun elkarteetan. Kortaren eskutik eta diru-iturri freskoa edukita, Sestaoko talde historikoa izan zitekeen beste traineruetako gizon indartsuak fitxatzeko tentazio handiena izan zezakeenetako bat. Azkenean iazko tripulazioarekin jarraitzea erabaki dute, nahiz eta bost aurpegi berri izango dituen. Urdaibaitik Asier Zurinaga eta Aitzol Arrizabalaga iritsiko dira, Astillerotik Leandro Salvagno eta Miguel Angel Ruiz, eta Ramon Perez galiziarra Muros arraun elkarte apaletik. Ligak ezartzen duen gutxieneko arraunlari propioen kopuruak baldintzatu egiten du jende berria erakartzeko nahia.

Bestalde, Urdaibaik ziklo aldaketa bizi du. Zuzendaritza berria sartu da eta entrenatzaile berria ere badute. Azken urteetan Tiranen ikusi dugun Fran Gonzalez galiziarrak hartuko du Patxi Bilbaoren lekua eta berekin Jose Carlos Meno eta Victor Fernandez ekarri ditu. Izortz Zabala, Jose Ramon Carasa, Julio Cascante eta Gotzon Unanue dira beste berrikuntza nagusiak.

Azkenik, Castrok iaz Kontxa irabazi eta Ligan bigarren egin zuen blokea ia bere horretan mantenduko du: Iurgi Iruretagoiena oriotarra da fitxaketa bakarra eta Juan Mari Lujanbio eta Cristian Garmak taldea utzi dute. Astilleron, Cristian Garmak ordezkatuko du Joseba Arbona patroi lanetan, Jaime Rios eta Ion Zunzunegi lotuta ditu, eta fitxaketa gehiago egingo dituztela iragarri dute. Eta Orion, iritsiko direnak baino, joan direnak izan dira albiste. Baina horrek beste atal bat merezi du.

Ur nahasietan, Hondarribia irten da garaile. Fitxaketa distiratsuak egiteko horrenbeste diru ez duten arraun elkarteek beste mota bateko pizgarriak eskaini behar izaten dituzte jendea erakartzeko, eta horretan Hondarribia bikain moldatu da aurten. Zalaparta handirik atera gabe, Orbañanosek bizpahiru arraunlari oso interesgarri berreskuratu ditu eta 2005/06an horren emaitza onak eskuratu zituen koadrila berreraikitzea lortu dute gutxi gora-behera. Mendizabal anaiak eta Aritz Gallego taldera itzuli dira, Aner Etxartek ere Hondarribia aukeratu du Zarauzko eta Donostiako esperientzien ostean, eta Ibon Etxeberria oriotarrak beste puntutxo bat emango dio taldeari bai arraunlari moduan, baita Mikel Orbañanos herrikidearen laguntzaile moduan ere.

Txanponaren beste aldean Orio gelditu da. Joxean Olaskoagak oso lan ona egin du azken bi urteetan. 2007an Kontxa Oriora eraman eta sei urteko lehortearekin amaitu zuen, eta aurtengo udan banderen lehian sartu du taldea traineruan jende gazte asko sartu arren. Baina esperientzia zabaleko beste bi arraunlarik (Ibon Gaztañazpi eta Ibon Etxeberria) ihes egin dute udazken honetan eta ez da erraza izango haien hutsuneak betetzea. Orioko harrobia aberatsa da, baina gipuzkoarrek dena beharko dute oraingo honetan goi-mailan ibiltzeko.

Gainontzean, Zarautzek blokea mantenduko du entrenatzaile berria eduki arren: Enrique Lopez asturiarrak hartu du Mendizabalen lekua. Pedreñak ere ez du ia aldaketarik izango: Carlos Rodriguez itzuli da Urdaibaitik. Eta Zumaiak bertako eta inguruko gazteekin segituko du lanean azken urteetan bezalaxe. Arazo gehiago dituzte, orain arte ikusitakoaren arabera, San Pedro aldean.

Proiektu bat eraikitzeko denbora asko behar da, baina dena pikutara bidaltzeko oso gutxi. Kontxako estropadaren bezperatan jakinarazi zuen Aitor Baldak ez zuela datorren denboraldian Libiako entrenatzaile lanetan jarraituko. Taldea zulo-zuloan hartu eta punta-puntara eraman zuen gizonak alde egitea kolpe gogorra zen elkartearentzat eta segituan hasi ziren entrenatzaile berriaren bila. Gaizka Garmendia patroi zarauztarrak hartu zuen Baldaren lekukoa, baina hamaika bileraren ostean, postuari uko egitea erabaki zuen honek ere. Dirudienez, arraunlari askok ez dute oraindik argi taldean jarraitu ala ez, eta hori arazo bat da hurrengo urteko plangintza egiteko. Gertatzen dena gertatzen dela ere, komenigarria litzateke erabakiak lehenbailehen hartzea, prestakuntza atzeratzeak ez baitu ondorio onik izaten. Begira, bestela, Laredori gertatu zitzaiona.

Joseba Fernandez eta Donostiarra, hitzetik hortzera. Ezin ahaztu urriko bi hizketagai nagusiak. Joseba Fernandezek Santurtzirekin izandako liskarrak amaiera ona izan zuen. Sanjuandarrak prentsa-ohar bat atera behar izan zuen talde bizkaitarra entrenatzeko sinatu zuen kontratua berak apurtu zuela onartuz eta elkarteari barkamena eskatuz. Ibon Gaztañazpi da entrenatzaile berria. Donostian ere zaharrak berri. Ur Kirolak eta Arraun haserre dira beste behin eta traineru bateratua kolokan dago. Posible ote?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo