Maite Ubiria Kazetaria
Frantzia benetako «rafle» berria burutzen ari da Euskal Herrian
Ordu beltz hauek zipriztinduko dute betiko gure historia, gure iragana eta gure ohiturak iraintzen dituztelako». Horrela abiatu zuen 1995ko uztailaren 16an Jacques Chiracek Frantziaren izenean judutar herriari barkamena eskatzeko diskurtsoa.
«Frantziak, Ilustrazioa eta giza eskubideen aberriak, Frantziak, aterpearen lurraldeak (...) bere hitzari muzin eginez, bere babespean zituen herritarrak borreroaren esku utzi zituen». Hara, Soah-ren karira, mintzaldi «historiko» haren azken hitzak.
II. Mundu Gerraren 60. urtemuga aski gainditua da. Alta, Frantziak, espainiar faxistek sortu zuten TOP izeneko tribunal berezia eredutzat hartu duen Auzitegiak aitzineratzen duen estrategiari jarraiki, rafle berria burutzen du egun.
Kontuak eginez, agian, iraganeko mamuak berpizten ari dira. Atzo 11, gaur 14, bihar 18... Frantziako aterpe goxoan, Errepublikaren babespean jaio diren zenbat herritar harrapatuko dituzte etzidamu borrero modernoen mendeku gosea asetzeko?
Alta, 150.000 biztanle eskas duen lurralde eremuan, hots, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean, rafle berriak tamaina ikaragarria hartzen du. Nahi duenak, ausardia duenak, familia abertzale anitzak kudeatzen duen bozen zifra idatz dezala kaiera batean, ondoren bata bestearen atzetik etorri diren polizia operazioek utzi dituzten zenbakiak markatu eta, azkenik, batzuk eta besteak elkar gurutzatu... Oi, oi... demokraziari kalte eginen dio ariketa sinpleak?
Vichy-ko aroa ezin dute ahantzi, ez neurrigabeko jazarpena pairatu zuenak, ezta borreroaren laguntzaileak ere. Ondorengoak hein handi batean memoriaren zorpeko garen bezala.
Rafle hitza entzunda soilik, haserre bizia agertzen dute Euskal Herrian Frantziak burutzen duen atxilotze andanan parte hartzen duten poliziek. Lehen ere, botereak asaldaduraz hartu zuen etorkinak harrapatu eta kanporatzea ahalbidetzen duten legeak rafle gisa salatzea.
Rafle du Vel' d'Hiv oroitzapen samina da. Parekotasun arinetan ezin da, ez, inor sartu. Izan ere, herritarren aurkako eraso bortitzaren aurrean, politikariek gordetzen duten isiltasuna eta hedabide gehienek agertzen duten jarrera akritikoa ikusita... Historiaren ikasgaia alferrik galtzeko arriskua ez ote dugu?