GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zaldi Ero burutik sanoa

Azken hilabete hauetan sarri etorri zaizkit burura umetan telebistan ikusten nituen western haiek. Bai, zuri-beltzekoak, hori ere aitortu behar dut. Jakin izan banu orduko hartan urte batzuk pasatuta film haiek guztiak hainbat biderrez berrikusteko parada izango nuela ETBn, ez nituzkeen zaldi guztien izenak buruz ikasiko. Haiek garaiak! Cowboya zaldira igo eta film berean egiten zuen, lauhazka bizian, Oregongo ibai ondoan kafea hartu goizean, Montanan bost whisky edan eta horrenbeste botila beste cowboy baten buruan apurtu eguerdian eta, arratsaldean Texasen tiro batzuk emanda, Misurin hartzen zuen gaueko atsedena. Itxura batean, orduko hartan inork ez zuen bourbon edaten. Tira, umetan nik ez nuen eskura Ameriketako Estatu Batuetako mapamundia eta, hortaz, estatu horiek elkarren ondoan zeudela uste nuen. Baina bai zera!, fraideak mapamundia erakutsi zidanean, haxe kolpea! Zelan demontre izan zitekeen halako bidaia luzeak egitea zaldiz mantatxo bat eta kafeontzi bat besterik gabean? Ez eta maleta bat ere! Hotza, elurra... eta eurek goretexa etxean! Noiz garbitzen zituzten haginak? Ene, ene! Haiek zaldiak! Zertara dator atariko hau? A, bai! Kontua da azken hiletan berriro entzun ditudala estatuon izenak, oraingoan Etxe Zurirako bidean zihoazen bi horien geraleku izan direlako. Eta antzinako westernetan bezalaxe hauek ere egun berean egin izan dute estatuon arteko ibilbidea, hori bai, bestelako zaldiak dituzten beste zer batzuetan. Eta nik burua bueltaka daukat oraindik ere nori emango zioten oraingoan botoa sioux, cheyenne, arapajoe eta bestelako tribuetako gaurko amerindiarrek? Entzunak ditut hautagaien diskurtsoak han etorkin direnak botora erakartzeko, baina ezer ere betidanik bertoko diren indiarren gainean. Antza denez, oraindik ere minduta daude demokratak eta errepublikanoak; ez dute ahaztu Montanako Little Big Horn batailan euren Zalditeriako Zazpigarrenak jaso zuen porrot ospetsua, urte mordo beranduago Vietnamen jaso zutenaren aurrekaria, kasurako, eta gainera zeinek eta Zaldi Eroak emana. Ez ukatu grazia ez duenik: Zaldi Eroak akabatu zalditeriakoak! Botak jantzita hil omen ziren soldaduak. Zorte onekoak behintzat! Gaur Estatu Batuek hasten dituzten gerra askoan ortozik hiltzen dira soldadu ez direnak. Portzierto, zein heldu da lehena Etxe Beltzera? Fraide hura enteratu egingo zen?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo