Blokeoa mantentzea «alferrikakoa» izango dela esan dio Castrok Obamari
AEBetako Gobernu berriak Kubaren kontrako blokeoa mantentzea erabakitzen badu, «alferrikakoa» izango dela ohartarazi du Fidel Castrok «Paloma» urakanaren gaineko hausnarketan. Gauerdian iristekoa zen uhartera. «Oso arriskutsua» izan daitekeela jakinarazi dute.
GARA |
Beste urakan bati aurre egiteko prestatzen aritu ziren atzo kubatarrak. Gauerdian (Euskal Herrian, 06.00etan) iristekoa zen uhartera. «Paloma» du izena. «Oso arriskutsua» izan daitekeela ohartarazi dute Kubako agintariek, azken egunetan indartzen joan baita, eta Saffir-Simpson neurketa sistemaren laugarren mailaraino iritsi da. Adituek nabarmendu dutenez, bosgarren mailara -hori da altuena- igo daiteke haize boladek orduko 250 kilometroko abiadura gainditzen badute.
Segurtasuna bermatzeko, ostiralean kostaldean bizi diren milaka lagun beren etxebizitzetatik aterarazi zituzten. Las Tunas, Ciego de Avila, Sancti Spiritus, Holguin, Granma, Santiago, Guantanamo eta Camagüey probintzietan alerta egoera ezarri zuten. Aurreikuspenen arabera, Camagüeytik sartzekoa zen. Urakanaren begia izen bereko 322.000 biztanle dituen hiriburutik gertu igaroko da. Irla zeharkatu ondoren, gaur Bahamak aldera joango da.
Hedabideak «Paloma»ren ibilbideari eta indarrari buruzko informazioa igortzen aritu ziren momentu oro. Bestalde, azpiegituren eta eraikin publikoen segurtasuna indartu eta kable elektrikoetatik hurbil zeuden zuhaitzak moztu zituzten.
Izan ere, azken bi urakanek, «Gustav» eta «Ike» izenekoek, kalte ekonomiko izugarriak eta triskantza handia eragin zuten. Milaka etxebizitza birrindu eta elektrizitate sisteman kalte handiak egin zituen. Uztak ere txikitu zituen. Egoera lazgarri horretan, larrialdi eta laguntza dei ozena egin zuen Gobernuak. Inguruko herrialdeek, Venezuela buru, segituan erantzun zuten. Ameriketako Estatu Batuei blokeoa gutxienez sei hilabetez bertan behera uzteko eskatu zien Raul Castrok. Washingtonek ezezkoa eman zuen. Orain, «Palomak» berez kaskarra den egoera are gehiago oker dezake.
«Haien etekinen zain geunden, baina, urakan honek beste uzta asko zapuztuko ditu. Zenbatu ezinak diren lan orduak, erregaiak, haziak, belar-hiltzaileak eta premiazko jakiak ekoizteko ahaleginak ezerezean geldituko dira», plazaratu zuen Fidel Castrok atzo «Granma» egunkarian argitaratutako idazkian.
AEBek berriro ere baldintzapeko laguntza eskaintzen badute, «jarrera duina» azal dezala eskatu zion Gobernuari. Blokeoa indarrean dagoen bitartean, errefusatu egingo dutela adierazi zuen.
Barack Obama presidente estatubatuar berriak «nazioarteak hainbatetan gaitzetsi duen blokeoa mantentzen badu, oker egingo du, neurriak porrot egingo baitu, eta beste 50 urte egongo baikara egoera berean».
«Paloma»ren ondorioak eta blokeoa izan ditu aztergai Fidel Castrok «Hirugarren urakana» adierazpenean. Kubatarrei duintasunez jokatzeko eskatu die. Blokeoa mantentzen badute, AEBetako laguntzari ezezkoa emango diotela nabarmendu zuen.