Goar Jimenez gaztea atxilotzeko arriskua dela-eta mobilizazioak izango dira Ibarran
GARA |
Ibarrako ezker abertzaleak babesa helarazi nahi zion atzo, bertako Goar Jimenezi, atxilotua izateko arriskua duela-eta. Jimenez eskualdeko beste sei gazterekin batera atxilotu zuten duela sei urte. Guardia Zibilak hartu zituen gatibu eta inkomunikazio aldiak iraun bitartean torturak pairatu izana salatu zuten. Orduan espetxeratu bazituzten ere, bost hilabete ingururen buruan aske utzi zituzten eta kalean izan dira epaiketaren zain.
Epaiketa aspaldi igaro zen eta orduan ere aske gelditu ziren guztiak, fiskalak berak adostu eta hitzartutako akordioa tartean zegoela. Joan den otsailean, ordea, akordioa eten eta kartzelatzeko agindua jarri zien auzitegi bereziko epaileak.
Orain, ordea, zazpi gazteek hilabete luzez espetxearen mamua bizkar gainean izan ondoren, atzo egindako prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, soilik Jimenezek du kartzelatua izateko arriskua, Auzitegi Nazional espainolaren arabera aurrekari penalak baititu gazte ibartarrak.
Jimenezi elkartasuna adierazteko eta Euskal Herriak jasaten duen «salbuespen egoera bortitza» salatzeko prentsaurrekoa egin zuen ezker abertzaleak Ibarrako plazan.
Jimenez zein beste sei gazteak sei urtez «errepresioaren presio latza jasanez, espetxearen mehatxupean eta isun ikaragarri batek itota» egon direla salatu zuten. Orain, «azken kolpea», Jimenezen espetxeratze arriskua dela adierazi eta espetxeratze agindua salatzeko datozen egunetan mobilizazioak egingo direla nabarmendu zuten. Eta herritarrei horietan parte hartzeko deia egin zieten.
Bestetik, Ibarrako Udalak berriki herriko presoen senideen gastu ekonomikoei aurre egiteko Udalak eskaintzen zituen dirulaguntzak ukatu izana gogor salatu zuten agerraldian, eta hori «dispertsioa babesten duen neurria» dela adierazi zuten.
Jimenezen aurkako jazarpenak zein Udalak hartutako erabakiak Euskal Herria «desagerraraztea» dute xede Ibarrako ezker abertzalearen esanetan. Alta, «etsitzeko prest ez direla» nabarmendu eta «benetako» marko demokratikoaren aldeko deia egin zuten; aldarrikapen honen baitan «antolatu, mobilizatu eta elkartasuna adieraz dezaten» dei egin zieten Ibarrako herritarrei.