Fantasiazko eta Beldurrezko Asteak sariak banatu eta ateak itxi ditu
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XIX. Astea bukaerara heldu da, sarituen izenak ezagutu ondoren. Denis Villanueve kanadarraren «Next floor» film laburrak jaso du Epaimahaiaren Saria eta Nash Edgertonen «Spider» film laburrak, berriz, Publikoaren Saria. Jaialdiaren zuzendari Jose Luis Rebordinos oso kontent agertu da aurtengo edizioarekin. Balorazioa eta datorren urteko berrikuntzak, berriz, datorren astean emango dituzte jakitera.
Rebeka PARRAS | DONOSTIA
Guztira, zazpi sari banatu dira aurtengo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XIX. edizioan. Ikusle kopurua ohikoa izan dela adierazi zuen atzo ekitaldiaren zuzendari jose Luis Rebordinosek eta, horren harira, eguraldi txarra eta jai egunekin bat ez egiteak jaialdiari ez diola mesederik egin aipatu zuen.
Bestalde, sari banaketa ezusteko handirik gabe iragan zen eta Carlos Aguilar, Gustavo Antuña, Bart van der Put, Pascal Vincent eta Vito 021ek osatutako nazioarteko epaimahaiak, Denis Villanueveren «Next Floor» film labur kanadarra bere saileko filmeen artean irabazle jo zuten. Film honek jangela batean elkarrekin bazkaltzen ari diren hamaika pertsonen lizunkeria gastronomikoa irudikatzen du. Mota guztietako haragi zati eta saltsak sukaldetik atera eta berehala jateko prestatzen dituzte. Bazkaltiarrek gainera, gero eta antsietate handiagoz jaten dute. Zuzendari kanadarrak ezin izan zuen saria jaso, Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak atzokoan azaldu zuenez, beste film baten grabaketa lanetan buru-belarri dabilelako.
Nash Edgerton australiarrak iaz ekoiztutako «Spider» film laburrak, Ikusleen Saria Film Labur Onenari jaso du. Gazte Epaimahaiak bat egin zuen erabaki horrekin eta saria Ozeaniako zuzendariak merezi zuela erabaki zuen. Modu horretan Nash Edgertonek sari bikoitza jaso du aurtengo edizioan. Filma bikote gazte bat autoan bidaian doanean sortutako liskar batekin hasten da. Iaz, Sundance jaialdian parte hartu zuen Edgertonen lanak. Zuzendariak orain arte, interpretazio, gidoilari eta grabaketa lanak egin ditu.
Ikusleen Film Luze Onenaren Saria, berriz, Tomas Alfredsonen «Dejame entrar» lanak jaso du. Sail honetan, hainbat film izan dira lehenengo postua eskuratzeko lehian, baina azkenean film suediarrak banpiroen istorioa lehenengo lekuan mantendu du. John Ajvide Lindqvistek idatzitako liburuan oinarriturik, lagunak diren ume banpiro eta ume gizaki bikote baten istorioa azaltzen du. Rotterdameko Zinemaldiko ikusleak liluratu ostean, oraingoan, donostiarrak ere aho-zabalik utzi ditu.
Aritz Moreno zuzendariaren «Cotton Candy» film laburrak, Urrezko Melies Sarirako proposamena lortu du eta «Porque hay cosas que nunca se olvidan» lanak Ikusleen Saria Estatuko Film Labur Onenari. Lucas M. Figueroa argentinarraren film laburrak futbolean jolasean dabiltzan ume batzuen istorioa azaltzen du. Pilota adineko pertsona baten etxean erortzen da, eta umeek partida izorratu izanagatik haren kontra mendeku hartzea erabakitzen dute.
Azken saria, «Canal + Proyecto Corto» saileko epaimahaiak banatu du; Jose Luis Rebordinosek (Donostia Kultura) eta Guadalupe Arensburgek (Canal +) osatzen dute aditu taldea. Bi epaileek Sam gidoilariaren «Vicenta» film laburraren proiektua saritzea erabaki dute. Azken horren arabera, ekimena gauzatzeko 6.000 euroko diru laguntza jasoko dute sarituek, Mari Luz Bibao Canal+eko ordezkariaren eskutik.
Atzoko ekitaldiak saritutako artistak bildu zituen; Denis Villanueve zuzendari kanadarra izan ezik. Lucas Figueroa, Nash Edgerton, Sam («Vicenta» film laburraren gidoilaria), Aritz Moreno zuzendaria...
Lau filmen arteko borroka
Jose Luis Rebordinos Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen zuzendariak azaldu zuenez, lau film luzeren artean egon da aurtengo lehia. «Lau film gainontzekoen gainetik egon direla esango nuke», adierazi zuen. Irabazlea, «Dejame entrar» suediarra izan da eta arduradunak esandakoaren arabera ez da orain arte eduki duten ekoizpen komertzialena. «Nire ustez, film honek jasotako saria publikoaren heldutasunari zor dio», jarraitu zuen. «Ez da erraz digeritzen den filma, ez da proiektatu dugun film komertzialena ere, baina argi dago izugarrizko kalitatea duen produktua dela», gaineratu zuen.
Gauzak horrela, zuzendariaren aburuz, egunerokoa markatu duen bigarren filma, «Martyrs» frantsesa izan da. Pascal Laugierrek zuzendutako filma, Sitgeseko Zinemaldian proiektatu zuten eta bertan izan zuen harrera ez zen oso positiboa izan, hainbat ikuslek konortea galdu baitzuten proiekzioak iraun bitartean. Bakarren batek botaka egin zuela eta anbulantzia bat ere bertan izan zela andreren bati laguntzen aipatu zuen Rebordinosek umoretsu. Lanak muturreko biolentzia erakusten du eta bere sekuentzia gogorren ondorioz alde egitea erabakitzen zuten ikusle askok; Donostiako proiekzioan, hala ere, soilik hiru pertsonek utzi zuten aretoa. Gipuzkoako hiriburuan orain artean ez dela antzeko kasurik gertatu argi utzi nahi izan zuen Rebordinos zuzendariak.
Donostian ikusleek zer ikusi nahi zuten oso argi zutela komentatu du eta, gainera, aste osoko une politenetako bat gertatu omen zen orduan. Filma bukatu ostean, 400 ikusle inguruk aretoa utzi beharrean, Pascal Laugier zuzendariarekin solasaldia hasi eta eztabaida sakon bati heldu zioten.
Bi horiez gain, film luzeen atalean saria irabaztear egon diren azken bi lanak, «The Cottage» eta «City of Ember» estatubatuarrak izan dira. «Lau horiek izan dira aurtengo edizioa markatu dutenak», adierazi du jaialdiko zuzendariak.
2008. urteko edizioaren balorazioa eta datu zehatzak ez dituzte ezagutzera eman oraindik lehiaketako arduradunek. Partaidetza aurreko edizioen antzekoa izan dela esan du. Datorren urteko edizioari dagokionez, Jose Luis Rebordinosek prestakuntza lanetan hasi direla aitortu zuen atzoko agerraldian, eta datorren astearen bukaeran, balorazioaren, datuen eta hurrengo edizioaren berrikuntzen berri emango dutela adierazi zuen.
Ikusleen Film Luze Onenaren Saria, Tomas Alfredsonen «Dejame entrar» lanak jaso du. Sail honetan, hainbat film izan dira lehenengo postua eskuratzeko lehian, baina azkenean film suediarrak, banpiroen dotoreziaren gaineko istorioak, hartu du lehenengo lekua.
Nabarmendu den bigarren filma, «Martyrs» frantsesa izan da. Pascal Laugierrek zuzendutako filma, Sitgeseko Zinemaldian proiektatu eta hainbat ikuslek konortea galdu zuten. Bakarren batek botaka egin eta anbulantzia bat ere andreren bati laguntzera bertaratu zela adierazi du rebordinosek umoretsu.
Banda: André Sumelius quartet.
Fecha: 23-10-08.
Lugar: Bilbaina Jazz Club (Bilbo).
Banda: Dave Holland Quintet.
Fecha: 24-10-08.
Lugar: Kafe Antzokia (Bilbo).
Film Labur Onenari Saria:
«Next Floor». Denis Villeneuve, Kanada.
«Urrezko Méliès» sarirako proposamena: «Cotton Candy». Aritz Moreno.
Film Luze Onenari Ikusleen Saria: «Déjame entrar». Tomas Alfredson, Suedia.
Film Labur Onenari Ikusleen Saria: «Spider». Nash Edgerton. Australia.