GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal gatazkaz «arinkeriaz» idatzi du Juanjo Olasagarrek «T» izeneko bere bigarren eleberrian

«T» (Tragediaren poza) liburuan azken urteotako Euskal Herriko historia beste modu batera jorratu du Olasagarrek. Irakurleari gaiak arinkeriaz planteatu eta zer pentsatua eman nahi izan dio.
p051_f01_148x80.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«T» izenburuarekin tragediari, Tycheri, Techneri eta Terese, liburuko protagonistari egiten dio erreferentzia. Tragedia batekin hasten da istorioa. Tereseren aita ospitalean dago, minbiziaren zantzu guztiak dituen epaiaren zain.

Hortik aurrera guztiz eraldatzen da istorioa. Protagonistak eta Andres Barrutia Euskal Unibertsitateko irakasleak, elkar ezagutzen dute tragedia grekoari buruzko ikastaro batean. Bukaerak, ordea, traizio egiten dio tragediari.

Olasagarrek adierazi zuenez, oso ilunak, serioegiak izan gara azken urteetan. «Unea, momentua aldarrikatu nahi izan dut. Arinkeria tarte bat behar dugu».

Arinkeria horien artean aipatzen ditu gaixotasuna, eleberrian garrantzi handia hartzen duten arropak eta markak edota pertsonaien fikziozko Lekunberri-Aranaz, Sakanako herria. «Baliteke irakurleak fribolotzat eta ezmoraltzat hartzea. Arrisku hori dauka, baina hori eskatzen zidan nire buruak».

Narraziozko kapituluen artean, oharrak eta bibliografia laburrak tartekatu ditu. Bernardo Atxagaren «Gizona bere bakardadean» liburuari buruzko hiru orriko azterketa bat dago horien artean. Eleberri honen gainean egin baitzituen ikasleak bere doktoretza-ikasketak.

Pertsonaiak karikaturizatu samar aurkezten ditu Olasagarrek. Istorioa kontatzeko errealismo neutralean gelditzea baino hobea dela esan zuen idazleak. Horien artean dago Barrutia irakaslea, Ermuako Foroko kide dena eta bizkartzainarekin bizi dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo