GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira

Larresoron jokatuko da 320 kiloko lehen faseko azken ekinaldia

J.L. | DONOSTIA

Euskal Herriko Goma gaineko Lauko Txapelketan, 320 kiloko lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur Larresoron, 17.00etatik aitzina.

Bertan honako hauek hartuko dute parte. Auzolan A, Sokarri, Abadiño A, Baiona, Abadiño B, Auzolan B eta 6 Conceyos.

Zazpi partaide daude, eta bakarra geratuko da kanpoan. Lehen jardunaldia ikusita, badirudi horretarako aukerarik gehien 6 Conceyos taldeak duela. Asturiarrek azkeneko urte hauetan jokatu dute lehiaketa honetan, baina haien maila apala da oraindik ere, joan den asteko ekinaldian ikusi zen moduan.

Lehendabiziko saioan Auzolanek eman zuen ezustea, baina gipuzkoarrak ere oso indartsu daude. Hala ere, garrantzitsuena datorren astekoa izango da, orduan jokatuko baita finala, eta han denek hutsetik hasi beharko dute.

Nafarroakoa

Nafarroako Goma gaineko Txapelketak ere bigarren jardunaldia izango du, eta gaur Elizondoko pilotalekuan lehiatuko dira arratsaldeko lau eta erdietatik aurrera.

Mutilak 640 kilotan arituko dira. Amaiur eta Berriozar bakarrik ari dira lehian. Bi talde hauek Euskal Herriko zortzinakako lehiaketarako prestatzeko saio gisa hartu dute txapelketa hau.

Emakumezkoetan, berriz, 500 kiloko taldeak lehiatuko dira, eta bertan honako hauek neurtuko dituzte indarrak: Beti Gazte, sakana, Amaiur eta Txantrea. Hauek ere lehen ekinaldia joan den igandean jokatu zuten, eta norgehiagoka oso estuak izan ziren.

Lehendabiziko postuan berdinduta geratu ziren Beti Gazte eta Sakana, eta gaurkoaren ostean ikusiko da berdinketa horrek bere horretan jarraitzen duen, edo aldaketarik gertatzen den. Amaiur eta Txantrea ere ez ziren gaizki aritu, eta bi talde hauek ere saiatuko dira aurreko asteko lana hobetzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo