GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako finala

Nazabal apur bat estutzea izango da finaleko helburua

Etxarrikoa da egungo txapelduna, eta aurtengoa irabazteko faborito nagusia ere bera dela esanez gero inork ez du zalantzarik egiten. Besteak ere hor daude, eta denek nahi dute lehen postuetan amaitu.

p037_f01_199x120.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera, jokatuko da Amurrioko pilotalekuan Euskal Herriko maila nagusiko finala. Herri kiroletako urteko egunik garrantzitsuena da hau, bai behintzat txapelketa ofizialei dagokienez.

Aurtengoan, ordea, badirudi dena erabakita dagoela, bai behintzat lehen postuari dagokionez. Izan ere, Floren Nazabal da irabazteko hautagai nagusia, eta gauzak normal joanda, badirudi borroka bigarren posturako lehian izango dela.

Aizkolariek azkeneko urte hauetan egin duten lan bera egin beharko dute. Bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu beharko dituzte. Finalean, berriz, abuztuaren erdian Araian jokatu zen kanporaketako sei onenak izango dira.

Floren Nazabal: Etxarrikoa da, dudarik gabe, hau lortzeko faborito bakarra. Bera da egungo txapelduna, eta une honetan besteen gainetik dago. Kanporaketa ere aise bereganatu zuen, eta azkenaldian bakarka jokatu diren lehiaketa ofizial guztiak irabazi ditu. Azkenekoa, Nafarroako txapela izan zen. Ezustekorik gertatu ezean lehen postua beretzat izango da.

Luix Txapartegi: Aizarnako aizkolaria bigarren izan zen Araiako kanporaketan, eta final honetako bere helburua ere horixe izango da. Ez du lan samurra izango, asko izango baitira postu horren borrokan arituko diren aizkolariak.

Iñaki Azurmendi: Arriarangoak irabazi du aurtengo Gipuzkoako txapela, eta bere helburua bigarren postua lortzea izango da. Lan ona egin ohi du beti, eta hemen ere Nazabalek egun txarra baldin badu, prest agertuko da hor sartzeko.

Juanjo Lopez: Nafarrak aurrerapen handia egin du azkeneko urte hauetan, eta oso maila onean ari da aizkoran azkenaldi honetan. Berak ere lehen helburua bigarren postu hori izango du, baina oso zaila izango du Azurmendi edo Txapartegi mendean hartzea.

Joxemari Olasagasti: Igeldokoa da final honetako aizkolaririk beteranoena, eta bera da finalisten artean txapelik gehien jantzi duena. Urteek barkatzen ez duten arren, oso kontuan hartu beharreko aizkolaria da. Beretzat gazteen artean lehiatzea ohore bat dela adierazi zuen atzo, eta haiek estutzera joango dela. Bihar sasoi onean joaten bada punta-puntan ibiliko da.

Daniel Vicente: Otsagabiko aizkolariak lehen aldiz jokatuko du final handi hau, eta aurreikuspenen arabera, seietan berak du aukerarik gutxien. Berak finalean izatearekin bete du helburu nagusia, eta oraingoan azkeneko postu hori saihestera joango da.

Gaztetzen

Euskal Herriko finaletan azken urteotan aizkolari beteranoak izan dira, gehienak 40 urtetik gorakoak. Aurten, ostera, adin hori gainditzen duena bakarra Olasagasti izango da. Gaztetze horrek ez du esan nahi, ordea, hogei urte inguruko jendea izango denik finalean, denak 30 urtetik gorakoak baitira.

Finala ikusi nahi dutenek, berriz, ez dute sarrerarik ordaindu beharko, eta Amurriora gerturatzen diren zale guztiek ikusi ahal izango dute xentimorik ordaindu gabe. Paraje horietan herri kirolak ez du indar handirik, eta honelako ekintzak garrantzitsuak dira denengana iritsi ahal izateko.

Final hau jokatuta, Euskal Herriko Aizkolarien Txapelketak amaitzeko Bigarren Mailako finala jokatzea faltako da. Kanporaketa joan den igandean izan zen Errezilen. Orain finala non jokatuko den jakitea falta da.

Bi txapeldun

Nazabal eta Olasagasti dira finalisten artean txapelak jantzi dituzten bakarrak. Igeldokoa da gehien lortu dituena, eta bera izango da bihar Amurrion jokatuko den saioko beteranoena.

Berriena

Sei aizkolarietatik bostek badakite finalak jokatzea zer den, baina Daniel Vicentek ez. Otsagabikoa lehen aldiz arituko da, eta honek azkeneko postua saihestea izango du helburu nagusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo