Xabier Izaga Irakaslea
Enpresaburuen alde... onak eta hobeak
Enpresaburuek etekin ekonomikoa beste helbururik ez dutela...? Txorakeriak! Enpresaburuak gizartearen motore omen dira, haren baliorik onenak biltzen dituztenak. Nork ematen digu lana herritar gehienoi (lan gaitza, gainera)? Tira, enpresaburuak funtsezkoak dira garapena eta ongizatea lortzeko, Juan Jose Ibarretxek Confebasken 25. urtemuga ospatzeko ekitaldian esan zuenez, funtsezko papera dute etorkizuna eraikitzeko. Edo gutxienez eraikitzeko. Ez dago gaizki horrelakoetan enpresaburuei esker bizi garela gogoraraztea, munduan zehar esker txarreko ugari dabil-eta.
Ulertzekoa da, beraz, orain, krisialdian gaudenez, enpresaburuei zergak jaistea, krisirik ez dagoenean ere jaitsi egin behar bazaizkie ere, ekonomiak bide onean jarraitzekotan. Horrek azaltzen du langileek zergatan batez beste kapitalak baino gehiago ordaindu behar izatea, ez dago zertan gaizki pentsatu. Guztiz ulergarria da, halaber, langileak kalera botatzea merkeagoa izan dadin eskatzea...orain dena baino merkeagoa izan badaiteke (lagun batek dioenez, hurrengo pausoa langileak kaleratzeak pizgarriekin saritzea izan beharko luke).
Gizarte perfektuaren eredu izanda, normala da enpresaburuek gobernuen erabaki politiko, ekonomiko eta sozialetan parte hartze zuzena izatea. Hala izaten da estatu demokratikoetan. Badira honakoa esango dutenak ere, hots, gainerako herritarrek, sindikatuek eta bestelako elkarte eta erakundeek ez dutela pribilegio hori eta gainera inork ez dituela hautatu halako erabakietan eragiteko; hala ere, ereduak ez dira hautatzen, imitatu egiten dira. Eta, ezinbestean, burura datorkit Jose Maria Cuevas, Espainiako enpresaburuen (Confebaskekoak barne) presidente ohia (goian bego, ahalik eta goren), frankismoan bezala, demokrazian ere enpresaburu onari dagokion funtsezko papera jokatu zuena. Areago, trantsizioaren gakoetako bat izan omen zen.
Patronala eta administrazioak aliatuak dira. Denok, edo gehienok, bat gatoz baieztapen horrekin. LABeko ordezkari Marijo Romerok asteazkenean halatsu salatu zuen kalean, halaxe txalotu zuen Juan Jose Ibarretxek BECen egun berean.