GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Errektoretzarako hautagaiei bizkarra emango diela iragarri du Ikasle Kontseiluak

Errektoretzarako hautagaiek Ikasle Adierazpenari inongo erantzunik eman ez ziotela-eta, bereari erreparatzea erabaki du Ikasle Kontseiluak. Hori dela eta, «bizkar emango» die errektoretzarako hauteskundeei eta abenduaren 4an Ikasle Hauteskundeak egingo dituzte.

GARA |

EHUko Ikasle Kontseiluak errektoretzarako hauteskundeei «bizkar emateko» deia egin du. Ikasle Kontseiluak Marisol Esteban zein Iñaki Goirizelaia hautagaiak gonbidatu zituen «hainbat proposamen eztabaidatzera»; Ikasle Adierazpena aurkez- tu eta haren gaineko jarrera bat hartzeko eskatu zieten errektoregaiei. Ikasle Kontseiluak orain salatu duenez, «jasotako erantzunak ez dira adierazpenaren ingurukoak, eta beraz, guk ezezko erantzunaren pare hartzen dugu hori».

Horrenbestez, «beraiek bizkar ematen diguten bitartean, guk ere gauza bera egingo dugu», adierazi dute. Maiatzeko hauteskundeetan ere «komunitate unibertsitario guztia larritu zen parte hartzea oso eskasa izan zela-eta, orduan ere, ikasleek argi utzi zuten ez dutela unibertsitate horrek eskaintzen duen sisteman sinesten».

Egoera horretan, abenduaren 4an Ikasle Erakundeetarako hauteskundeak egingo dituztela gogorarazi du Ikasle Kontseiluak. Bertan «ikasleok unibertsitate honen izaeraren inguruan zer esanik badugula erakutsiko dugu». Horregatik, «men egiten ez dugulako, ikasle hauteskundeetan bozkatuz aurre egingo diegu».

Bestetik, ikasle guztien botoek %20 bakarrik eta irakasleenak, ostera, %51 balio izatea «ulertezintzat» jo dute.

Eraso salaketak

Errektoretzarako hautagai Marisol Estebanek berriz, «erasoak sufritzen» ari dela salatu zuen atzokoan. Bere hitzetan, ikasle talde «txiki» batek, iragan asteazkenean, Donostiako Irakasle-eskolan ekitaldi bat oztopatu zuen eta Gasteizko beste bat ere eten zuten.

Ekonomian katedradunak adierazi duenez, ikasle horiek «ez dute gehiengoaren iritzia ordezkatzen».

«EZ dugu men egiten»

Abenduaren 4an Ikasle Hauteskundeak egingo ditu Ikasle Kontseiluak, «ikasleok ez dugulako men egiten eta unibertsitate honen izaeran zer esana badugula erakusteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo