GARA > Idatzia > > Euskal Herria

AHTren linea berrirako Parisek eta RFFk dirulaguntza handitzea nahi du Roussetek

p014_f02.jpg

A.B. |

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoara egin zuen bisitaren karietara Alain Rousset Akitania eskualdeko lehendakaria komunikabideekin bildu zen atzo. Pil-pilean dauden gaiak jorratzea helburu zuen elkartzeak, eta Abiadura Handiko Trenaren linea berriaren inguruan ere aritu zen.

Roussetek beste behin ere proiektu horren aldeko jarrera agertu zuen, eta gaur egun errepideetan dagoen kamioi kopurua murrizteko «benetako alternatiba» zela azaldu zuen Baionan.

Proiektu horren finantziamenduak lekuko agintarien artean sortu dituen ezadostasunak ere izan zituen hizpide, eta horretan, Estatu frantsesak eta RFFk (Trenbide Sareko Azpiegituren Kudeatzailea) egitasmoaren aurrekontu zati handiagoa bere gain har dezaten ahaleginak egiten ari direla argitu zuen. Roussetek aitortu zuen atzo linea berria finantziatzeko tokiko egiturei eskatzen zaien diru zama «izugarria» dela.

«Europak diru laguntzak eman ditu, baina horiek ez dira nahikoak proiektua gauzatzeko. Horrela, tokiko egiturek ordaindu beharreko kopurua txikitzeko, Europar Batasunak emango dituen kreditu gehigarriak egituren diru zama txikitzeko balia daitezen eskatu dugu», esan zuen Akitaniako lehendakariak. Horrez gain, AHTren linea berri horren egitasmoan sinkronizazio eskasia dagoela aipatu zuen, eta horri irtenbide bat emateko Estatu frantsesa eta espainolaren arteko hitzarmen bat beharrezko dela erran zuen.

Protokoloa urtarrilean

Proiektuaren aurrerapenari dagokionez, tokiko hautetsiek eskaturiko geltoki gehigarria egitasmoaren barne izango dela esan zuen. Eta, dagoeneko Paris eta Hendaia arteko ibilbidean Bordele eta Tours lotuko dituen zatirako finantziamendua lortu dela gaineratu zuen. Ondoko urtarrila ren ondarrean AHTren linea berriaren proiektuari buruzko protokoloa izenpetuko dute. Baina, izenpetze horrekin ez zegoela inolaz ere egituren engaiamendurik ohartarazi zuen. Bestalde, Roussetek aipatutako beste gaietako bat Estatu frantsesak duen deszentralizazio proiektua izan zen, eta horrekin Departamendua bezalako egiturei dien atxikimendua nabarmendu zuen. Horretaz gain, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren alde agertu zen beste behin ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo