GARA > Idatzia > > Mundua

Sandinisten garaipen zabala berretsi du Hauteskunde Kontseilu Gorenak

Sandinistek 146 udaletatik 105 eskuratu dituztela iragarri zuen Hauteskunde Kontseilu Gorenak, iruzur salaketen artean. Horrez gain, 13 probintzietako hiriburuetan garaile atera da. FSLNeko hautagai Alexis Arguellok Managuako alkatetza eskuratu duela berretsi zuen.

GARA |

Hilaren 9an ospatu ziren udal hauteskundeen emaitzek tirabira ugari sortu dituzte. Aliantza Liberalak sandinistek iruzur egin dutela salatu zuen horiek irabazleak zirela iragarri bezain laster. Salaketa horrek agintean dagoen FSLNren eta haren jarraitzaileen haserrea piztu zuen. Azken bi asteetan, bai batzuek bai besteek protesta ugari egin dituzte; sandinistek, Managuako Alkatetza, beste batzuen artean, eskuratu zutela adierazteko, eta, bestetik, oposizioak alkatetza hori bera aldarrikatzeko. Hartara, hauteskundeen emaitzak berriro eta banan-banan zenbatzea exijitu zuen. Nazioarteko begiraleek horren jarraipena egin zezaten ere eskatu zuen.

Ostegun gauean (goizaldea Euskal Herrian), Nikaraguako Hauteskunde Kontseilu Gorenak jokoan zeuden 146 udaletatik sandininistek 105 eskuratu dituztela iragarri zuen, horien artean, 13 probintzietako hiriburuetako alkatetzak (Chinandega, Esteli, Jinotega, Jinotepe, Juigalpa, Leon, Managua, Masaya, Matagalpa, Ocotal, San Carlos, Somoto eta Rivas). Alderdi Liberalak, berriz, 37 herritan eta gainerako hiru probintzietako hiribuetan (Bluefields, Boaco eta Granadan) irabazi zuen.

Batzuen festa, besteen haserrea

FSLNren Managuako idazkari politikoak, Edgardo Cuarezmak, «garaipen biribila» behar bezala ospatuko dutela plazaratu zuen.

Dena den, behin betiko emaitzak iragarri ahala, Hauteskunde Kontseiluaren egoitza atarian bilduta zeuden ehunka sandinistek garaipena jai giro ederrean ospatzen hasi ziren.

Managuako alkate izateko oposizioak aurkeztu zuen hautagaiak, Eduardo Montealegrek, emaitza horiek ez dituela onartuko ohartarazi zuen. Iruzurra egon dela berretsi eta oraindik erabaki gabeko zenbait helegite daudela nabarmendu zuen.

kritikak

Laguntzaileen Mahaiari kritika zorrotza egin dio Gobernuak hauteskundeen gainean egin dituen adierazpenak direla-eta. Boto zenbaketa zalantzan jarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo