Kopa
Aviron eta Genets elkarren aurka ariko dira, aurtengoz lehen eta azken aldiz
Jon LEUNDA | BAIONA
Frantziako Kopako zazpigarren kanporaketa jokatuko da gaur. Partida hasi aurretik bi euskal talde bakarrik daude, eta amaitutakoan, berriz, bakarra izango da, elkarren artean jokatuko baitute.
Genetsen eta Avironen arteko derbia ikusteko aukera bakarra gaurkoa izango da, aurten ez baita besterik jokatuko. Zuri-urdinak N1ean daude, eta hori-berdeak, berriz, CFA Mailan. Beraz, Ipar Euskal Herriko bi talde profesionalen artean aurten jokatuko den partida ofizial bakarra da gaurkoa. Norgehiagoka Saint Jean estadioan, Angelun, 18.00etan jokatuko da.
Partida garrantzitsua izango da bientzat, gaur dena erabakiko baita. Kanporaketak partida bakarrera jokatzen dira, eta gaur irabazten duenak bakarrik egingo du aurrera. Mailari begiratuta, Aviron bat gorago dago, baina Estatu frantsesean mailen arteko aldeak oso txikiak dira, eta N1en eta CFAren artean ia ez dagoela onartu behar da. Horrek partida are eta estuago bihurtuko du, eta eguraldiak ere derbi kutsua areagotzen lagunduko du, euria iragarrita baitago.
Joko ikusgarria ikustea zaila izango da. Seguru asko zelaiaren egoerak ere ez du utziko. Dena den, biek dute asko jokoan, kanporaketa hau gaindituz gero Lehen Mailako handi baten aurka jokatzeko aukera handitzen baitu.
Bien helburua horixe da. Diru aldetik nahiko larri dabiltza biak, eta horrelako partida batek asko lagunduko die. Gaurkoan, Genetsi ere ederki etorriko zaio, partida hau ikustera jendetza hurbilduko dela espero baita. Errugbian ere, ez Avironek, ez Biarritzek ez dute ordu horretan jokatuko, eta Saint Jeaneko harmailak lepo beteko dira.
Hamaikakoei dagokienez, ez da aldaketa handirik espero. Normalean jokatzen dutenak izango dira zelaian, bi taldeentzat gaurko norgehiagokak garrantzi ikaragarria baitu, eta ez derbia delako bakarrik.