Iurbentia Bilbao basket
Kopan izatekotan, etxeko lanak ongi egin beharra dago
Bibotarrek sekula ez diote Joventuti La Casillan irabazi, baina joera aldatzeko egun egokia dirudi gaurkoak. Lewis osatu da eta minutuak izango ditu. Asteartean, berriz, Europan debuta egingo du Bilbao Basketek.
BILBAO BASKET-JOVENTUT
Arnaitz GORRITI | BILBO
Iurbentia Bilbao Basketek Kopan izatea du helburu, baina uneotan bederatzigarren postuan dagoenez, lehiaketa honetatik kanpo dago. Hala, otsailean Madrilen jokatuko den txapelketan lekurik izango badu, Txus Vidorretaren taldeak etxeko lanak -La Casillakoak, alegia- sekula baino finago egin beharko ditu. Gaur bertan, esaterako, DKV Joventuten aurka, arratsaldeko 20.30etik aurrera.
Alabaina, talde bilbotarrari La Casillan irabazten baten batek badaki, hori Joventut da. Lau aldiz jokatu dute Bilbon eta lauretan atera dira garaile. Bestalde, «ohitura» txar hori hausteko une egokirik bada, gaurkoak hala dirudi. Sito Alonsorenek baja garrantzitsuak dituzte, alegia, Pops Mensa Bonsu eta Ricky Rubio -Rudy Fernandez NBAra joan izanak ere ez dio mesederik egin kataluniarren jokoari-, eta egundoko irregulartasuna erakusten ari dira, hirukoekiko sekulako «dependentzia» dutelarik. Horrez gain, ostegunean Tau Baskoniaren aurka oso partida gogorra jokatu zuten. Dena den, Joventutek Bilbao Basketek baino partida bat gehiago irabazi du, partida bat gehiago jokatu ostean.
Talde osoa jokatzeko prest
Izan ere, Iurbentia Bilbao Basketek talde osoa jokatzeko moduan dauka. Azken bi asteetan Quincy Lewis sorbaldan min hartuta egon bada ere, hegaleko estatubatuarra prest egongo da gaur arratsalderako.
«Joventuti irabaziz gero, Koparako borrokan murgilduko ginateke. Launa garaipenekin talde asko gaude berdinduta, baina garaipena erdietsiz gero aurreneko zazpien artean sartuko ginateke. Hori da gure helburua», adierazi zuen Txus Vidorretak asteroko prentsaurrekoan.
Amaitzeko, esan behar asteartean Eurocup txapelketan debuta egingo duela Iurbentia Bilbao Basketek. La Casillan jokatuko du aurreneko faseko estreinako partida, Serbiako Hermofarmen aurka.