GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Orain artekoari eusteko prest dago Aviron


Jon LEUNDA | BAIONA

Jean Dauguer zelaia jendez gainezka egongo da gaur arratsaldean Aviron ikusteko. Zuri-urdinen jarraitzaileak sinetsi ezinik dabiltza. Sailkapenari begiratu eta taldea hirugarren ikusten dute, finalerdiak jokatzeko aukera askorekin, nahiz eta denboraldia amaitzeko asko falta den. Gainera, Biarritz bost postu atzerago dute, eta horrek guztiak sekulako poza eta ilusioa sortu du Lapurdiko hiriburuan.

Hori guztia gutxi balitz, Baionako taldeak azkeneko bi jardunaldiak etxetik kanpo jokatu eta biak irabazi ditu, eta horietako bat Biarritzen izan zen. Eta hori nahikoa ez, eta aurkaria Montpellier izango da. Une honetan bosgarren postuan daude, eta gaur euskaldunek irabaziko balute atzekoen zuloa handituko lukete, eta hori garrantzitsua da lapurtarrentzat.

Partida, ordea, ez da samurra izango. Frantziarrek badakite gaur irabazita lehen postu horietan sartzeko aukera dutela, eta galduta atzeraka joango liratekeela. Eguraldiak ere ez du askorik lagunduko, hori diote behintzat iragarpenek, eta euria beti izaten da arriskutsua, batez ere baloia eskura jokatzerakoan.

Hamabostekoa ez dute ezagutzera eman, baina hori ohikoa izaten da. Deialdia, honako hau da: Lafond, Iginiz, Romieu, Hegi, Avril, Blake, Fiorini, Springgay, Lafitte, Linde, Ponnicelli, Deen, Martin, Haare, Bernard, Iñigo, Garcia, Edmonds, Larretxea, Bolavucu, Gerber, Lacroix, Gower eta Elhorga.

Biarritz, premian

Baionan dena ilusioa eta poza da, Biarritzen, ostera, egoera bestelakoa da. Iaz ez ziren finalerdietan sartu eta aurten erronka nagusietako bat horixe dute, baina une honetan zortzigarren daude. Azkeneko bi partidak galdu egin dituzte, eta kezka eta urduritasuna nagusitu da.

Gaur 14.30etik aurrera, Avironek jokatuko duen ordu berean hasita, zuri-gorriek Toulonen zelaian jokatuko dute, eta gaur hutsik egin ezin duten partida horietakoa dute. Toulon sailkapeneko azkenaurreko postuan dago, eta zuri-gorriek atzera beste urrats bat eman nahi ez baldin badute, lau puntuak -eta ahal badute bostak- eskuratu behar dituzte. Hamabostekoa hau izango da: Coetzee, August, Jhonstonne, Thion, Carizza, Cronje, Dridi, Vahafolau, Yachvili, Peyrelongue, Gobelet, Fafaliu, Cabannes, Bidabe eta Thierry.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo