GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Mendeku eta xantaia politika

Euskal preso politikoen gaineko berriek eskuarki zigorrak gogortzeko legeez, gaixotasun larriez eta, oro har, errepresioaz hitz egiten dute, gehien-gehienetan zigorraren gaineko zigorraz. Joan den astean, ordea, gaixotasun larriak dituzten Marilo Gorostiaga eta Anjel Figeroa presoen askatasuna izan zen albiste; gaitz larriren bat duten presoak aske uztea guztiz normala izan beharko lukeen arren, neurri hori legedia betetzea baino ez da-eta. Uste izatekoa zen, behinik behin, beren osasun egoera larria arindu eta hobera egiteko aukera izango zutela, baina atzo amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi zuenez, aipatutako bi presoak eta Mikel Ibañez -ekainetik halaber larri gaixorik etxean dagoena- urrun dira aske izatetik. Hirurak etxean dira, baina preso, kontrol neurri zorrotzak ezarrita. Espetxeratze arindua da aplikatu dietena, eta ez legediak gaixotasun larria duten presoentzat xedatzen duen askatasuna. Bestetik, Juan Jose Rego, Langraizko kartzelan hilaren 30ean ebakuntza egiteko zain zegoena, handik atera zuten, eta senitartekoek atzo adierazi zutenez, ez dakite preso donostiarra non dagoen.

Iragan astean Gobernu espainolak Kode Penalaren hamaikagarren erreformari bide eman zion. Onartzen denean, hainbat euskal presori kartzelatik atera ostean 20 urteko «zaintzapeko askatasuna» ezarriko diete, haien mugimenduak, hots, haien askatasuna, kontrolatzeko hainbat neurriren bidez. Gobernu espainoleko ordezkarien hitzetan, neurriok Kode Penalaren erreforma hori onartu ostean atxilotzen dituztenei baino ez diete eragingo, baina badirudi onartu aurretik ere indarrean dagoela, aske behar luketen euskal presoei ezarrita.

Ez da zaila Gobernu espainolaren jokaera horren eta, oro har, haren espetxe politikaren ondorioak irudikatzea: eskubide urraketa nabarmena, kartzelan zein kaleratu ostean, eta etengabe xantaia politiko pean bizitzea. Nekez uler daiteke espetxe politika hori, mendekuaren eta xantaiaren ikuspuntutik ez bada. Preso dagoenari eskubideak urratzea arbuiagarria da, areago xantaia egiteko haien gaixotasun egoera erabiltzea. Eta larria hori guztia zuzenbide estatuaren izenean egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo