Istorio gordinak kontatzen dituzten hiru liburu berri argitaratu ditu Erein-ek
Fernando Morilloren «Egun beltzetan jolas beltzak», Migel Anjel Mintegiren «Berriz ere hutsetik hastera» eta Didier van Cauwelaert frantziarraren «Hada baten heziketa» dira hiru eleberriak.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Erein argitaletxeak hiru liburu berri aurkeztu ditu. «Egun beltzetan, jolas beltzak» eleberrian, gazte kontuak aztertu ditu Fernando Morillo idazle azpeitiarrak, baina adindun lekuko ezezagun baten ikuspegitik. Ge- rraostean kokatutako istorioa da, hala ere, Morillok argi utzi nahi izan zuen ez duela zertan guda konkretu bat izan. «Nire asmoa ez da inola ere nobela historiko bat egitea, bizitzaren gordinari buruzkoa baizik». Horretarako, kapitulu bakoitzean lagun bat aztertzen du. Pertsonaia arketipoak dira: liderra, poeta isila, buruarina dirudien neska argia, naturalista... Narratzaileak haien bitartez ezagutuko du bere burua eta distantzia batetik, tonu lasaiagoan, nerabezaroan oharkabean igarotzen diren kontuez jabetuko da. «Deskribatutako pertsonaiak ez dira konturatzen inozentzia galtzen ari direla, putakumetzen ari direla».
Migel Anjel Mintegi ataundarrak ere kontu gogorrak bildu ditu bere azken liburuan, baina oso bestelakoak. 19 urteko emakumezko bat da «Berriz ere hutsetik hastera» eleberriko protagonista. Bere mundu propioa sortzeko asmoz, etxetik alde egiten du Donostiara. «Bizitzea egokitu zaion urrezko kaiolatik irten eta bizi berri baten bila abiatzen da, etxean jasandakoa atzean utzi nahian». Bidean, espero ez zuen zerbaitekin egingo du topo: maitasunarekin. Etxean ikusitako tratu txarrek zaildu egingo diote bidea, eta izua sentiaraziko diote harreman berrien aurrean. «Etxeko kaiolaren hesiak hautsi eta beste batean sartzen da». Neskak galdera andana izango du buruan, baina erantzunik ez. Mintegik irakurleari utzi dio lan hori.
Hirugarren liburua itzulpen bat da. Josu Zabaletak Didier van Cauwelaert idazle frantsesaren «L´éducation d´une fée» euskaratu du. «Hada baten heziketa»k zortzi urteko haur batek gurasoen porrota salbatzeko egingo duen ahalegina kontatzen du. Istorioa 2006an egin zen ezagun, Jose Luis Cuerdak zinera eraman baitzuen Ricardo Darin, Irene Jacob eta Bebe protagonista zituela.