GARA > Idatzia > > Kultura

Bidaiatik bueltan dugu Kirmen Uribe, eta nobela dakar maletan

«Bilbao-New York-Bilbao» nobela plazaratu berri du Kirmen Uribek Elkar argitaletxean, «Bitartean heldu eskutik» poema liburuarekin sekulako arrakasta lortu eta sei urtera. Lan berriak autofikzioa dakar eta Kirmen Uribe izenekoa da bertako protagonista nagusia ere.
p042_f01_97x164.jpg

A. BILBAO | BILBO

«Etiopia» eta «Harri eta herri» lanekin batera, ziur asko euskal literaturan edizio gehien izan dituen poema liburua, «Bitartean heldu eskutik», plazaratu zuen Kirmen Uribek 2001ean, Susa argitaletxean. Ondarroarrak sekulako arrakasta erdietsi zuen pixkanaka han eta hemen bere bidea egin eta «markatu duen» poema liburuarekin. Zazpi urte joanak dira geroztik, eta literaturazaleen artean Uriberen lan berriaren inguruko jakin-min bizia zegoen. Kirmenek berak esana: «Entzuna nion [Andoni] Egañari bertsoa ezin zela atzeratu, momentu jakin batean bota egin behar dela». Eta, atzo heldu zitzaion nobela aurkezteko tenorea. 2002an hasi zen idazlea lehen lerroak idazten, eta horrenbeste lan egin ostean pozik zen aurkezpenean.

«`Bilbao-New York-Bilbao' ez da ohiko nobela. Teorikoek autofikzioa deitzen duten horretan idatzia, datu errealak material narratibo legez erabiltzen ditu, autobiografia izan gabe», azaldu zuen Xabier Mendiguren Elizegi editoreak. Horrela, nobelako protagonista Kirmen Uribe izeneko bat da, «baina ez naiz ni», esan zuen egileak. «Euskal Herria gaur nolakoa den azaldu nahi nuen» eta horretarako baliatu du autofikzioa, besteak beste, Vila-Matasek egin ohi duen modura. Gainera, horrela artean dagoen gehiegizko «fikziokeria» ekidin eta, esaterako, blogetan egin ohi den legez, «egun bizi dugun `nia'» aurkezten du ondarroarrak, «zati txikiz egindako mosaikoa». Izan ere, literatura maite badu, beste arte batzuek ez bezala «ñabardurak ondo ulertu eta lantzeko» aukera ematen duelako maite du.

Arriskua eta ekarpena

Nobelaren tramak «ez du pisu handirik, gure bizitzetan bezala ez baita bertan gauza asko gertatzen», eta idazkerak berak hartzen du pisua, nobela aurrera arin eramateko.

Idazleak nobelaren bi plano aurkeztu nahi izan zituen. Bata, bertako hizkera garbia (lan handia egin du horretan, aitortu zuenez), irakurlea lanean azkar sartzeko. Bigarrenik, proposamen estetiko berritzailea. Uribek argi omen zuen «arriskatu eta ekarpen berri bat egiten» saiatu beharra zuela, pauso hori aurrera emateak asmatzea zein kale egitea dakarrela jakinda. Hori horrela, denbora asko ostu zion hainbat ikuspuntu aztertu eta lanaren arkitektura hautatzeak, eta behin beldurra galduta, arnasa luzean bota eta idazkera aldatu nahi izan du, probatu eta nobela gisa argitaratzeko. «Liburua ez baita bizitza, literatura (jolasa) baino». Baita bidaia ere, hiru belaunaldi agertu eta gerra aurretik arrantza girora salto egin ostean «denbora likidoaren garaian» bukatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo