Maite Idirin kantariari omenaldia egingo dio Ugaoko herriak kontzertu berezi batekin
GARA | UGAO
Ilusio handiz hartu du Maite Idirin kantariak gaur 20.00etan Ugaoko San Bartolome elizan bere ibilbidea hasi zueneko berrogei urteak omentzeko eskainiko den kontzertua. Emanaldia nola egin nahi zuen galdetu ziotenean berak argi zuen: «Herriko musikari eta koralarekin egin nahi nuen, ezagutzen ditudan lagunekin», bere ibilbide artistikoan lagundu dioten guztiekin, hain zuzen ere.
Horrela, lehenbizi, Ugaoko txistulariak arituko dira. Ondoren, Idirin bera igoko da oholtzara Valerie Uhalderekin batera. Iparraldekoa, Euskal Herriko kantu txapelketan bigarren saria lortutakoa da eta Angeluko koralean Idirinen ikaslea ere bada. Biek batera Vivaldiren Gloriaren zati bat abestuko dute. Baita Gabon-kantaren bat ere.
Idirinek, bestalde, emakumeen egoera azaltzen duten bi lan taularatuko ditu: «Amak ezkondu ninduen» bata eta «arabiar emakumeen egoera azaltzen duena», Vivaldirena, bestea. «Xarmagarria», Pierre Garateren lana ere eskainiko du, bere esanetan, XVIII. mendean autoreak Versallesen abesten zuen kanta «ederra». Koralak, euskal kantu herrikoiak kantatuko ditu eta bukatzeko, Idirinek Ravelen pieza bat eskainiko du, autoreak Donibane Lohizuneko koralarentzat eginikoa.
Kontzertuaz gain, Idirinen biografia azaltzen duen erakusketa «izugarri polita» ere irekia dago Ugaoko Jane Jauregian ostirala arte. Argazkiak, panelak eta abeslariaren lanak daude ikusgai; azken horiek Idirinek Baionan erositako maleta gorrian bilduta daude.
Berrogei urteko historia bizkar gainean duela, Idirinek ez du «geratzeko asmorik» eta agian ibilbidea hasi zuen bezala bukatuko duela dio, «Etxepare eta Arestiren ondoan».