GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Itziar Aizpurua Egaña Ezkar abertzaleko militantea

Deuseztatzeko moduko urteurrena: Izan ala ez izan

Franco diktadorea hil zenez geroztik, badira zenbait urteurren euskaldunentzat deuseztatzeko modukoak, Itziar Aizpuruak artikulu honetan dioenez. Horietako bat Konstituzio espainolarena da, Euskal Herria ukatu eta zatitu, euskara baztertu eta monarkia inposatzen duelako, Espainiako Armada horren guztiaren bermatzaile duela. Euskaldunen erronka ez da makala: uko egin ala onartu. Izan ala ez izan.

Baditugu hainbat urteurren 1975eko azaroan Franco hil zenetik; batzuk ospatzeko modukoak eta besteak, berriz, deuseztatzeko modukoak. Urteurren deuseztagarrien artean baditugu bi data nire aburuz ahantzezinak. Bata gaurkoa, 30 urte betetzen baitira gaur Espainiako Konstituzioak edo espainolen lege nagusiak abertzale, euskaldun eta ezkertiar guztiak indarrez espainol bihurtu gintuztenetik. Eta bestea, ildo beretik, NATOn derrigorrez sartu gintuzten eguna: 1986ko martxoaren 12a. Duela 22 urte, legez eta indarrez bereganatu zuten gure lurraldea eta militarizatu.

Abertzale eta ezkertiar sentitu eta bizi garenontzat bi data arbuiagarri horien garrantzia ezin dugu inoiz ahaztu, horiek finkatu eta mugatu baitute gure bizitza azken hogeita hamar urteetan, herri eta pertsona gisa. Dudarik gabe, inposizioaren, ukazioaren eta menpekotasunaren datak ditugu.

Bai Espainiako Konstituzioari bai NATOri ezezko biribila eman genion Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritar gehienok. Beraz, zalantzarik gabe, gure herriaren hitza errespetatu izan balitz, gaur egun dugun egoera politiko eta soziala bestelakoa izango litzateke. Baina, gure bozak ez ziren herri gisa zenbatuak izan.

Ezezkoa bozkatu genuen, espainolak ez garela eta Konstituzio hori gurea ez dela ozenki adierazteko. Zergatik? Nagusiki, Konstituzioak herri bezala ukatu egiten gaituelako, Euskal Herria zatitzen duelako, euskara ofizialtasunik eta laguntzarik gabe uzten duelako, kapitalismo basatia bultzatzen duelako, monarkia inposatzen digulako eta Espainiako Armada estatu eredu horren bermatzaile nagusi gisa ezartzen duelako.

Euskal herritarrontzat Konstituzioaren eta NATOren aurka emandako botoak, ordea, ez dira sekula galdu; alderantziz baizik. Erreferendum horien emaitzek argiki adierazten digute bidea: hitzak eta erabakiak herritarren esku egon behar dutela, Euskal Herriaren oraina eta etorkizun politikoa erabaki ahal izateko. Horra hor gakoa! Eta, hain zuzen, horixe da aspaldidanik bizi dugun gatazka politiko honen muina: Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko duen eskubidea gauzatu nahia batetik, eta Estatu espainolak zein frantsesak hori horrela gerta ez dadin eskura dituzten medio guztiak erabiltzea, bestetik, Euskal Herriaren desagerpena baitute helburu. Beraz, gezur hutsa esaten dute bizi dugun gatazka politikoa euskaldunen arteko edota Euskal Herrian ikuspegi ezberdinak ditugunen arteko gatazka/elkarbizitza arazoa dela esaten dutenean.

Hemen, lehen eta orain, herri bat izatea ala ez izatea dago jokoan.

Berrogeita bost urtetik beherako gizon-emakumeek edota neska-mutilek ez zuten 1978ko Konstituzio espainolaren sortze prozesua bizi izan, ezta horren aurkako kanpaina, lehiak eta abar ere; ez zirelako jaio edota oso gazteak zirelako, nire adinekoei 36ko gerratearekin gertatu bezala. Baina bai batzuek bai besteok horien ondorioak bizi ditugu oraindik ere, gori-gori.

Gerrate ondoreneko belaunaldiok gure gurasoen frustrazioa jaso genuen, ezin izan zutelako «independentzia lortu». Maiz esan izan digute horretarako borrokatu zirela lubakietan, nahiz PNVko buruzagien asmoak bestelakoak izan edota hori ezkutatzen saiatu.

Eta gure ondorengoek, berriz, Francok ondo lotuta utzitako Konstituzioa jaso dute. Eta zergatik? Ez genuelako diktaduraren erregimenarekin haustura demokratikorik lortu, PNVren erruz batez ere. Hori adierazten dute Txibertan eginiko bilerek, besteak beste. Are gehiago, PNVk burujabetzaren aldeko bideari uko egin eta bere interes ekonomikoak lehenetsiz, nahiago izan zuen Euskal Herria desagerraraztea helburu zuen Espainiako Autonomien Estatuaren eraikuntzan buru belarri murgildu.

Hain zuzen, datorren urtean beteko dira 30 urte hiru probintzien Moncloako Estatutua onartu zenetik; Konstituzio espainolaren baitan PNVk Hego Euskal Herriari egin zion «oparia»k honako ondorioak ekarri zituen berarekin: lurralde zatiketa, bi urte geroago Foru Hobekuntzaren inposizioarekin indartuko zena; autodeterminazioaren ukapena; euskararen ofizialtasun eza, monarkia onestea eta neokapitalismoa gurtzea, besteren artean. Eta horixe izan da, eta ez beste ezer, zapalkuntza eta gatazka politikoa beste 30 urtez luzatzea eragin duena.

Hala eta guztiz, harro sentitu behar dugu ezker abertzaleko militante garen guztiok azken hogeita hamar urteotan egindako lan eskerga eta borrokagatik. Horri esker lortu dugu Euskal Herria eta ezker abertzalea bera Espainiak ezin bereganatu izatea, ezin asimilatu izatea, bidea erraza izan ez bada ere. Eta hori garaipen ikaragarria da, are gehiago kontuan izanik denbora luze honetan ez dugula bide-lagunik izan, alderantzizkoa baizik.

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen Konstituzioaren eta estatutuen markoa agortuta dagoela, eta marko horretatik gure herriak ez duela etorkizunik. Marko demokratiko baterako bidea egiteko beharra eta nahia egon badago. Beraz, ezin dugu aukera politiko hau alferrik galtzen utzi.

Eta beste behin ere, aldaketarako aukera parez pare dugun honetan, PNVk, betidanik egin duen bezala, euskal herritarren interesak lehenetsi beharrean, ordezkatzen duen burgesia erregionalistaren klase interesak lehenetsi ditu. Euskal Herriarentzat nazio proiekturik ez duelako; gaur egungo markoaren gestioari loturiko botere esparruak eta negozioak bermatzea delako bere proiektua.

Aski da! Aski da bai, gure aldetik, ezker abertzalearen aldetik, gaurko PNVrengana ate joka joatea Euskal Herriaren izana eta etorkizunaren alde elkarrizketa eta elkarlana eskaintzen. Ez dugu herri berberagatik lan egiten. Sabino Arana hitzetik hortzera bai, baina haren «Zazpiak-bat» eta «Euskadi es la Patria de los vascos» toki ederrean geratu dira!, hiru probintzi bihurtuta. Tamalgarria benetan, nahiz eta hautu hori egiteko eskubide guztia duen.

Abertzale eta ezkertiar orori, hauxe: lehengo lepotik dugu burua; beraz, independentzia lortu eta sozialismoa eraikitzea helburu izanik, horra heltzeko lan handia egin beharra dugu guztion artean. Euskal Herriaren onarpena eta autodeterminazioaren gauzatzea ezinbesteko ditugu, eta hori indar metaketaren bidez soilik lor dezakegu. Izan ala ez izan, horra hor gakoa. Beraz, aurrera bolie! lortuko dugu-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo