GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Biziarteko zigorra eta zigorgabetasuna

Asteazkenean Inazio Uria enpresaburua hil zutenak harrapatu eta hil arte kartzelan atxikiko dituztela agindu zuen Gobernu espainoleko presidenteak atentatuaren ostean, Estatu espainoleko legeek biziarteko kartzela-zigorra jasotzen ez badute ere. Herritarren mendeku gosea, Estatuak berak -paradoxa semantikoan- elikatzen duen gosea, ase ez baina zizka-mizka moduan arindu nahiak eragindako ateraldia izan zela irudituko litzaioke Euskal Herriko eta Estatu espainoleko berri ez duen Antipodetako herritar bati Europako gobernuburu bati entzundakoa. Baina Zapaterok biziarteko kartzela-zigorra onartzen ez duten legeek beste izen batez biziarteko kartzela ezar dezaketelako esan zuen hori.

Litekeena da, oso litekeena, atentatuaren egileak harrapatu eta biziarteko zigor hori betetzen hasi baino lehen gorriak eta beltzak ikustea. Edo beste norbait harrapatu eta gorriak ikusi ondoren atentatuaren egile jo eta kartzelara sartzea.

Tortura ohiko hizketagai da Euskal Herrian gogora dezakedan garaitik, eta lehenagotik. Gorputz birrinduren bat ikusita gaude bertatik bertara, bakan batzuen argazkiak argitaratu izan dira, ezkutuan eginak, egia ofiziala gezurtatzeko balio duten aldetik delitu eginez eginak. Gezur ofizialak. Milaka torturaturen egia isilaraziek osatzen duten icebergaren tontortxoa. Azken urteotan, ordea, mundu zabalean izan dira hizpide AEBen tortura guneak.

Xabier Makazagaren liburuak («La Red. El tormento en la España Constitucional», Txalaparta) ez du Guantanamo edo Abu Graib hizpide, azken hogeita hamar urteetan Estatu espainoleko polizia-etxeetan torturak izan duen bilakaera baizik. Harrigarria da tortura kasu askoren inguruko gorabehera eskandalagarriak zeinen ahaztuta genituen, zigorrak gogortzeko behin eta berriro legeak aldatzen dituen Estatuak zenbaten eta zenbaterainoko zigorgabetasuna pilatu duen.

Eta honetara ezkero, tortura, hilketak, espetxe politika txikitzailea, kale erasoak, errepresio politikoa... adierazpide dituen gatazka zahar hau konpontzeko modua biziarteko kartzela da Estatu demokratiko homologatu honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo