Berbalagun egitasmoa
Santurtziko euskaldunek elkar ezagutu eta hitz egiteko proiektua abian da
Euskarak gaur egun Santurtzin duen egoera ikusita, eta batez ere euskaraz dakiten auzokideek, edo ikasten dabiltzanek, berba egiteko dituzten aukera urriak kontuan hartuta, Berbalagun egitasmoa jarri dute abian Ezkerraldeko herri honetan. Helburua bertako euskaldunak elkar ezagutzeko parada izatea eta hitz egiteko aukera gehiago sortzea da. Proiektua ostegunean aurkeztu zuten, eta 125 bat lagun elkartu ziren aurkezpenean. Besteren artean, Kresala aretoan izan ziren Daniel Bringas, Euskara eta Kultura zinegotzia, AEK-ko eta Udal Euskaltegiko irakasleak, Esan Euskara elkarteko kideak eta ekimen honen dinamizatzaile Iker Sagastibeltza. Berbalagun proiektuak, besteren artean, «berbataldeak» topaketak eskaintzen ditu, lauzpabost lagunetako taldeak osatu eta euskaraz hitz egiteko aukera emango dutenak.