TO. Pic, Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroaren Aholku Batzordea osatua da jada
Atzo bidu zen lehenbizikoz TO.Pic Aholku Batzordea. Ainhoa Arteta sopranoak, Lucia Lacarra dantzariak, Alberto Iglesias konpositorea eta Jokin Bildarraitz Tolosako alkateak osatzen dute taldea, besteak beste.
GARA | TOLOSA
Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa izango denari aholku emateko, hainbat pertsona «ospetsu» elkartu ziren atzo Tolosan. Miguel Arretxek eta Idoia Otegik, Tolosako Ekinbide Etxeko kideek, Aholku Batzordea eratzea ezinbestekotzat jo zuten, beren hitzetan, «garrantzitsua da batzordea osatzen duten moduko pertsonen ezagutza eta esperientziaz baliatzea».
Tolosako alkate Jokin Bildarratz da batzordearen presidentea eta lehenengo saioan, batzordeak, besteak beste, organo berriaren eginkizunak eta araudia izan zituen hizpide.
Kide «ospetsuak»
Aholku Batzordea osatzen duten pertsonak kultur munduarekin lotura duten kideak dira. Besteak beste, aurrez aipatutako Ana Arretxek, Ainhoa Arteta soprano tolosarrak, Alberto Iglesias konpositoreak, Lucia Lacarra dantzariak, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim museoko zuzendari nagusiak eta Enkarni Genua titiriteroak osatzen dute taldea.
Guztira, kultura, enpresa, gizarte eta instituzio alorreko hamazazpi ordezkarik parte hartzen dute batzordean. Arretxeren hitzetan, «amets bat» da Txotxongilo jaialdia sortu zenetik berrogeigarren urteurrena betetzen denean gauzatzen ari dena.
Atzoko aurkezpenean, aipatutako Jokin Bildarratz, Ana Arretxe eta Enkarni Genuaz gain, Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendari nagusia, Manu Castilla EITBko Komunikazio zuzendaria eta Mari Carmen Garmendia Kulturako sailburu ohia izan ziren, besteak beste.
Aholku Batzordeak lehenengo bilera egin aurretik, jarduera ugari izan ziren egun osoan eta, horiei esker, «jaialdiko giroa zein den eta Euskal Herria plazako Justizia Jauregia birgaitzeko prozesua» nola doan jakin daitekeela aipatu zuten. Izan ere, bertan kokatuko da eraikin berria.
Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa datorren urtean irekiko dutela aurreikusi dute.