GARA > Idatzia > > Kultura

DURANGOKO AZOKA

«Giroan sumatzen dut zuzenekoetan ikusmin berezia sortzen dela»

p046_f03_199x124.jpg

RAFA RUEDA

MUSIKARIA

PLT taldeko gitarra-jotzaile eta kantari legez ezagutzen dugun Rafa Ruedak aspaldi ekin zion bakarkako lanari, pop molde gardenetan. Aurten, «Zuhaitz okerretan gora noa» hirugarren lana autoekoiztu eta plazaratu du, nazioarteko izar handiak diren musikari estatubatuarrekin, eta Durangon zuzenean aurkeztekoa zuen lana atzo, etxean bildutako eskarmentu handiko talde trebearekin.

Anartz BILBAO | DURANGO

Urtero legez, Durangon aurkitu dugu Rafa Rueda, bertako Plateruenan zuzenean aurkeztekoa baitzen atzo gauean «Zuhaitz okerretan gora noa», musikari trebeak lagun. Eta artistaren lan berriaz eta zuzeneko erronkez zerbait gehiago jakin guran, mungiarrarekin solasean jarduteko parada ere egin genuen.

Nola sortu zen musikari atzerritarrekin lan egiteko aukera?

Jonan Ordorikak nire disko bat luzatu zion Fernando Saundersi (azken honek Ruper Ordorikaren «Dabilen Harria» diskoan parte hartu zuen) eta honi bertako gitarrak gustatu zitzaizkion eta Europan zehar egin zuen biran berarekin gitarrak jo nitzan deitu eta lehenengo harremana sortu zen bion artean.

Eta talde estatubatuarra osatu zenuen gero.

Behin Fernandorekin lotura eginda, hilabeteetako lana izan zen gero, jendearekin kontaktua egitea. Jonan eta biok diskoan parte hartzeko musikari aproposen bila genbiltzan eta Saundresek New York inguruko musikarien artean kontaktu garrantzitsuak dituenez, berari otu zitzaion Jane Scarpantoni (txeloa) eta J.T. Lewisi (bateria) deitzea, lagunak ditu-eta.

Aukera harrigarria aprobetxatu duzu, beraz.

Ezagutzen ez ditudan musikariekin grabatzen dudan lehen aldia da, baina harremana oso estua eta bitxia izan da. Oso giro ona sortu zen gure artean, elkar ezagutzeko denbora gutxi izan dugun arren. Alde horretatik oso profesionalak dira eta segituan ulertzen zuten zer nahi edo nora jo nahi nuen, niretzat plazer izugarria izan dena.

Euskak Herrian bildu zineten grabatzeko. Harrituko ziren amerikarrak, gure bazter eta ohiturekin.

Garate kriston parajean dago, ederra da Azkarate. Bertan dituzu Balerdi mendia eta Malloak, nahiko paradisiakoa da lekua, eta harri eta zur gelditu ziren inguruarekin, eta noski, baita jatekoarekin ere. Gero, nahiz eta beraiek mundu osoan zehar ibili diren musika eginez, estatubatuarrek badute halako harridura berezia gauza zaharrekiko, berrehun urte baino gehiago duten etxe edo herriekin. Beren gizarte ez da horren aspaldikoa eta aurreko guztia suntsitu zutenez, historiak duen garrantzia hori, guk nahiko asimilatuta duguna, jakin-minez eta harriduraz jarraitzen dute. Euskal Herriari buruz, egia esateko ez zuten berri askorik, baina apurka-apurka joan ginen ezagutarazten eta azaltzen zer garen.

Jarraitzen duzu beraiekin harremanetan?

Bai, myspaceren bitartez mezuak eta trukatzen ditugu. Badakit Fernandok orain gutxi Madrilen eta Vigon jo duela eta J. T. Lewisek Erroman. Kontua da hain daudela ohituta distantzia handietan ibiltzera, pentsatzen dutela Erroman jo eta agian animatuko zarela beraiek ikustera, Berrizen egon eta Durangora hurbilduko bazina legez.

Erromara! Kuriosoa da, ibiltzearen eta bidaiatzearen inguruan duten ikuspuntua, bai.

Behin lana argitaratuta, zuzeneko talde berria bildu duzu, gertuko musikariekin.

Bitxia izan da musikari batzuekin grabatu eta beste batzuekin zuzenean jotzea, bai. Baina kantu batek pisua daukanean mila musikari edo moldaketekin jo dezakezu eta kantua mantendu egiten da. Eta sentitu dut hori, kantuak mantentzen direla, oso nabarmen gainera, banda aldatu eta zuzenekoak prestatzerakoan.

Zuzeneko bandak ere emango dio bere nortasuna kantuei.

Musikari bakoitzak badu bere jotzeko modua, eta horrek kantuaren bilakaerari eragiten dio. Izan ere, abestiek beste dimentsio bat hartu eta segituan igartzen da musikari ezberdinekin ari zarela, bakoitzak bere ukitua ematen diolako kantu bakoitzari eta beste leku batera eramaten dituelako. Hala ere, oso gustura sentitzen naiz, musikariak, bakoitza bere mundutik etorri arren, primeran uztartzen direlako. Oso babestua sentitzen naiz eta eduki ahal dudan bandarik onena dut. Pozik egoteko modukoa da hori.

Jakin beharko dugu bada, nori buruz ari garen.

Borja Barrueta getxoarra da eta jazz munduan oso sartua dago. Jorge Drexlerrekin ere aritu izan da orain gutxi arte. Nire lehen lana grabatzen parte hartu zuen eta egun, bueltatu eta bizileku Sopela aukeratu duenez, deitu egin nion. Ederra izan da berriro elkartzea. Josebarekin (Irazoki) jotzeko ere kriston gogoa nuen. Pettiren diskoan ezagutu nuen lanean, estudioan. Betidanik gustatu izan zait bere jotzeko modua eta musika ulertzekoa, baita bere lanak ere, nola kantatu eta konposatzen duen. Eta David (Gonzalez) aspalditik ezagutzen dut, PLT taldean ere elkarrekin jo izan dugu-eta. Asko ikasten ari naiz beraiekin eta niretzat kriston plazerra da maila horretako musikariekin ibiltzea.

Saltsa askotan egonik zaila izango da taldea antolatzea.

Zaila da denok elkartzea bai, nahaste izugarria. Eta gainera, orain David Berri Txarrak taldearekin hasi da baxu-jotzaile, pentsa. Baina gutxi gorabehera guztiok ditugunez beste mila kontu honez gain, ulertzen dugu momentu batean agenda arazoek kontzertu bat antolatzea eragoztea. Ahal dugunean kontzertuak bideratzen ditugu, ez ateratzen diren datetan, ahal dugunetan baino, eta baten batek arazoren bat baldin badauka ere, ohituta nago beste norbaitekin jotzen. Nahiko flexibleak gara alde horretatik. Musikari onekin zabiltzanean hori ez da arazo bihurtzen.

Zuzeneko bat edo beste ere eman duzue honezkero.

Lokal txikietan ibili gara eta giro polita lortu dugu entzuleekin. Gainera, nabaritu dut badudala jendearen aldetik aurreko diskoekin izan ez nuen arreta. Hedabideen presentzia ere, elkarrizketak-eta, aurreko diskoekin konparatuta askoz handiagoa izan da, eta gehien interesatzen zaidana, dagoeneko hirugarren lana dudala eta, nabaritu dudala kontzertuetan ikusmin bat sortzen dela.

Plateruena betetzeko besterainoko ikusmina?

Ez dakit ikusmin hori Plateruenaren tamainakoa izango den, oso areto handia da-eta. Ez dakit zenbat jende bilduko den, baina biltzen direnekin ondo pasatuko dugula, seguru. Datozela mila, berrehun edo datozela berrogei, nik giroan sumatzen dut zerbait berezia.

Gustura ikusten zaitugu, egindako lanarekin eroso.

Apurka-apurka ari naiz aurrera. Lehenengo diskoarekin kosta zitzaidan irtetea, bigarrenarekin beste urrats bat eman nuen eta hirugarren honekin beste eskaileratxo bat igo dut. Alde horretatik, pozik nago eta espero dezagun aurrerantzean ere gehiago ematea. Nire asmoa luzerako bidea egitea da eta ez nabil inoiz pelotazorik emango dudanik pentsatzen. Lasai-lasai eta gauzak ondo egiten saiatzen ari naiz, eta egia esan jendearen aldetik fruituak jasotzen ere hasi naiz, lehenengo tirada amaitu egin baita Durango baino lehen, sekula gertatu ez zaidana.

HARREMANA

«Ezagutzen ez ditudan musikariekin grabatu dudan lehen aldia da, nahiz eta gero harremana oso estua eta bitxia izan den»

Nortasuna

«Musikari bakoitzak badu bere jotzeko modua eta horrek kantuaren bilakaerari eragiten dio. Bakoitzak bere nortasunaren ukitua ematen dio kantu bakoitzari»

aurrera

«Apurka ari naiz aurrera. Lehenengo diskoarekin kosta egin zitzaidan irtetea, bigarrenarekin beste urrats bat eman nuen eta honekin beste eskaileratxo bat igo dut»

«Polita da zure diskoa erosi nahi duen pertsona aurrez aurre izatea»

Zein garrantzia du zuretzat Durangoko Azokak?

Euskal diskogintzarako, nire kasuan, baita liburugintzarako ere, urteko zitarik inportanteena da. Zoritxarrez, gero eta gehiago bideratzen da produkzio guztia data hauetara eta, alde horretatik, gustatuko litzaidake ez egotea horren zentralizatuta. Baina hemengo salmenta zuzena oso garrantzitsua da industria honek bizirik iraun dezan. Hori alde batetik, eta bestetik, urtean zehar ikusten ez dituzun lagunekin elkartzeko aukera daukazu eta hori beti da pozgarria. Gaueko giroa, jendearekin elkartzea... horretarako aproposa da Durangoko Azoka. Bertako gauak espezialak izaten dira egia esan (kar, kar, kar...).

Zaleak eta hauen iritziak ezagutzeko modu aproposa duzu?

Zure entzulearekin kontaktu zuzena duzu. Zure diskoa erosi nahi duen pertsona aurrez aurre, oso gertu izatea, bere begiak ikustea oso polita da niretzat. Gainera, oholtza gainean gabiltzanok puntu exhibizionista bat, eta alde horretatik interesgarria da parean daukazunaren iritzia.

Erosten duzu liburu edo diskorik bertan?

Bai, aurretik pentsatuta; aurten adibidez Xabier Montoia eta Sarriren liburuak erosiko ditut, eta gero, seguru asko, baita besteren bat ere. Gogoa daukat gainera Gora Japonen diskoa erosteko. Horiek dira buruan ditudanak. Baina nik musika kontsumitzeko, adibidez, denbora behar dut, ezin dut hogei disko hilabete batean entzun. Ezin naiz sartu antsietatezko gurpil horretan, ez dakit zenbat disko entzuten. Gero eta gehiago ikusten da eredu hori gizartean, eta martxa horretan nola ez da geldituko disko edo liburu bat zaharkitua ba, hirugarren hilabeterako? Hori da beharbada konpondu beharko genukeen joera edo jarrera.

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo