BERRIA Itxaro Borda 2008/12/3
Txoria txo
Hego beltzak daroa. Zerua negarrez dago. Aturri gaina beilegi dabil eta mendietarik itsasora burrunbaz doazen uhinek Santizpiritu zubiaren pean, elur usaina dute, sudurretik zintzurrera lehiatzen zen ahots haren omenez. Uretan itotzen ari den lur honen azal herbalak, txoria txori zeukanaren hautsek laster eta betirako gozatuko dituzte: ebaki banizkio...
Mikel Laboaren kanta bakoitza bermaldi heroikoa zen, desafio bat, denboraren isuri presatuegian premiazko geldialdi bat. Ibil arazi gintuen arraiki, Euskal Herriaren punta batetik bestera, kitarraren notak gure auto zaharretako irrati eztulkarietan bihikatzen zirela eta abeslariaren boza, batzutan hain korrokaria, bakarretan hain argia, pedoileria orokorraren deboilatik salbatzen zela: hallelujah Lekitto...
Diru trukean aldatzeko oroitzapen askorik ez dut. Hori bai, duela hogeita bost bat urte Garaziko ezker paretan Laboa entzun nuenekoaz ederki gogoratzen naiz. Gatibatu gintuen, hitzik erran gabe aitzina segitzera animatu, orroaz ohitura eta modernitaterik minberena uztartzera deitu: zzehhhhrrrrrraaaaaaaauuuuuz... (...)