GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Berriatuak berriz ere Herri burujabe izatea lortu zuenetik mende laurdena igaro dela ospatzen ari dira

Francoren agindu baten ondorioz, herri txikiak handiagoekin lotzera jo zuten. Berriatua eta Ondarroarekin ere hala gertatu zen, baina diktadorea hildakoan, herritarren lanak ahalbidetu zuen Ondarroatik banatzea. Ordutik 25 urte bete direla ospatzen ari dira.

Ruben PASCUAL

Mende laurden joan da jadanik Berriatuak Ondarroatik desanexionatzea lortu eta, berriro ere, herri izatea lortu zuenetik. Efemeride hori ospatzeko egitarau oparoa prestatu du Berriatuko Udalak, hiru hilabetez luzatuko dena.

1974. urte horretan bi herriak batzeko arrazoiak zeintzuk izan ziren ezagutzeko asmotan eta, hamaika urte geroago desanexioa zein modutan gauzatu zen gogoratzeko, GARA Berriatuko alkate Imanol Mugartegirekin solasean izan zen eta, horrez gain, prestatutako egitarauaren berri eman zigun.

Francoren diktadura baino lehen, eta are gehiago honek boterea eskuratu zuenetik, aurretik zegoen joera bat indartzeko ahaleginak egin zituen: herri txikiagoak handiagoetara batzekoa, alegia.

Erabaki horren helburua, ahalik eta udalerri kopururik txikiena egotea zen eta, horregatik, herri handienak inguruan zeuden beste txikiago batzuk barne hartzen zituzten; «herri handiek txikiagoak zirenak irensten zituzten eta, Iurreta eta Durango edota Bilbo eta inguruko herriekin gertatu zen bezala, guri ere gauza bera gertatu zitzaigun Berritxu eta Ondarroarekin», ekarri du gogora Mugartegik.

Protestak

1974an batu zen Berriatua Ondarroarekin, eta Imanol Mugartegi auzapezak azaldu duenez, herriak ez zuen ondo hartu anexioa eta, hau gertatu zenean, mobilizazio ugari egin ziren.

Hala ere, hasierako urteetako mobilizazio eta protesta horiek igaro ondoren, «berriatuarrek lana beste modu batean planteatu behar zutela ikusi zuten», azaldu du Lea Artibaiko herriko alkateak. Horrela, lan-moldeak eraldatu eta birplanteatu ostean, «lana barrutik» egiten hasi ziren eta Ondarroako udaletik bertatik hasi ziren lanean berriatuarrak.

Horrela, 80ko hamarkada hasita, beste herri batzuetan gertatzen ari ziren desane- xioak eredu harturik, jarrera hori sustatzen hasi ziren Ondarroako Udalean lanean edo zinegotzi gisa aritu ziren berriatuarrak. Imanol Mugartegik «postura bat defendatzeko bestelako modu» gisa definitu du lan hura. Bere fruituak izan zituen lana, gainera. Emaitzak 1983ko azaroaren 25eko buletin ofizialak eman zituen argitara, orduan agertu baitzen Berriatua herri gisa, 1974. urte hura baino lehen izan zuen estatus horretara, alegia.

«Herriarentzat oso albiste garrantzitsua izan zen berriro ere herri burujabe izatera bueltatu izana», adierazi du Mugartegik. «Ez dugu esan nahi Ondarroarekin batera egotea hobea edo okerragoa denik, baina hau da gure herriak hartu zuen jarrera eta defendatu nahi izan zuena», argitu du Berriatuko alkateak.

Ospakizunak

Desanexioaz geroztik, urtero-urtero, egin dituzte ekitaldi txikiak une hura gogora ekartzeko, «zerbait xumea». Hala ere, aurten data hartatik mende laurdena betetzen den honetan, Berriatuko Udalak egitarau oparo eta zabala antolatu du, azarotik urtarrilera bitartekoa. Bertan, askotariko ekitaldiak izango dituzte berriatuarrek: musika, dantza, herri-bazkariak, bideo emanaldiak, antzerkiak, hitzaldiak...

Imanol Mugartegik aditzera eman duenez, «25. urteurrenarekin bat eginez, ospakizunen dinamikari amaiera emateko jai erraldoi bat antolatzea pentsatu genuen». Beraz, 25. urtemugaren ospakizun hau azkena izango da edo, behintzat «urtero ospatzeari utziko diogu, ez dugulako jendea nekatu nahi; 50 urte betetzen diren unean, hemen dagoenak erabakiko du zer egin». Gauzak horrela, egiteko ugari izango dira datorren hilabeteetan zehar, baina bi dira ospakizun honen ardatzak: azaroaren 25a, buletin ofizialak desanexioa argitaratu zuen egunaren urtemuga; eta gaurko eguna, abenduaren 7a, gaurkoa izango baita ospakizun honen egun handia.

Goizeko mezaren ondoren, agurra, txalapartariak, bertsolariak eta abar izango dira. Eguerdian, herri-bazkaria izango dute eta arratsaldean zehar, hainbat musika emanaldirekin emango diote amaiera egunari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo