GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

KRONIKA Durangoko manifestazioa

Independentzia «no cabe»

Euskal herritar askorentzat arrotza den egungo Konstituzio spainola orain dela 30 urtetik inposatzen dela salatzeko, «autodeterminazioaren bidetik independentzia» lelopean ehunka eta ehunka lagunek hartu zuten parte ezker abertzaleak Durangon egin zuen manifestazioan.

p002_f01_70043.jpg

Gari MUJIKA

Aterkiak ziren nagusi Landakoren aurrealdean. 17.00ak pasatxo zirela eman zioten hasiera mobilizazioari pankarta irekitzearekin batera. Ez zen luze itxaron behar izan EAJren aurkako oihuak entzuteko. Manifestazioak Durangoko kaleetan aurrera egin ahala, alboetara begiratuta, hormak Sabin Etxeko buruzagien aurkako leloa zuten kartelez josiak ikus zitezkeen.

Zumalakarregi kalean zain zeuden Ertzaintzaren hiru furgonetek batzokia hurbil zegoela iragartzen zuten. «PNV espainol» oihukatuz egin zuen aurrera manifestazioak, gero, alde zaharreko kaleetan, bandera espainola atzean, «Iñigo Urcullu»ren sinadura zuen esaldia erakusten zuten makina bat kartelek: «Euskadi cabe en la Constitución española».

Ehunka lagunek aurrera jarraitu zuten «independentzia» eta «presoak kalera, amnistia osoa» leloak oihukatuz, eta Santa Ana plazara iritsitakoan ekitaldi politikoa hasi zen. Hala, bertan, Itziar Abellanal ezker abertzaleko kideak hartu zuen hitza. Baina bistakoa zen manifestari guztiak oraindik ez zirela bertara iritsiak.

Abellanalek Konstituzio espainola izan zuen hizpide. Orduan egindako jokaldi politikoa azken 30 urteotan gertatutakoarekin alderatu zuen, eta ezker abertzalea eta, oro har, independentziaren aldeko proiektua ez dutela suntsitzerik lortu aldarrikatu zuen. Egungo marko politikoa agortua dagoela baieztatu eta euskal gizarteak Euskal Herriaren etorkizuna konstituzio espainoletik at nahi duela esan zuen Abellanalek; eta horretarako, orain, bigarren trantsizio bat gertatu behar dela aldarrikatu zuen, «baina benetakoa, trantsizio demokratikoa».

Ezker abertzaleak goizean kaleratutako adierazpenaren edukiei heldu zien jarraian, eta hausnarketa eta eztabaida prozesu estrategiko bati bide eman behar zaiola adierazi zuen. Durangotik, gainera, independentziaren aldarriarekin bat egiten duten guztiei, bloke independentista herritarra sortzeko deia egin zien ezker abertzaleak.

Ohi bezala, «Eusko Gudariak» abestuz amaitu zen ekitaldia. Zumalakarregi kalean ertzainak izkinetan zeuden oraingoan. Gero jakin zen; gazte bat atxilotu zuten batzoki parean. Barne Sailaren esanetan, EAJren eta Ertzaintzaren aurkako leloak oihukatzea izan zen bere delitua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo